Paleolitoko labarretako grabatu garrantzitsuak aurkitu dituzte Landarbasoko Aitzbitarte kobetan

Ingurumena | Kultura 2015-11-20 | 0

Aitzbitarte_aurkikuntzaLandarbasoko eremuan Aitzbitarte III, V eta IX haitzuloetan animaliak irudikatzen dituzten Paleolito garaiko grabatuak aurkitu dituzte. Zehazki Aitzbitarte III eta IXan Gravette aldiko (orain dela 28.000 eta 20.000 urte artean) irudiak izan dira aurkitu dituztenak; eta Aitzbitarte V-en, berriz, Madeleine Aldikoak (orain dela 14.500 urte eta 12.500 urte artean). Aurkikuntzak aurkezten izan dira Javier Brusselo Felix Ugarte espeleologi taldeko kidea, Diego Garate eta Joseba Rios arkeologoak, Julen Mendoza Errenteriako alkatea eta Denis Itxaso Gipuzkoako kultura diputatua.

Paleolito garaian haitzuloaren hormetan eginiko grabatuak dira, eta azaldu dute silex mineralarekin egindako instrumentuekin edo bertako buztinean hatzekin egindakoak direla. Denak dira animalia irudiak, zaldiak, bisonteak edota ahuntzak, esaterako. Felix Ugarte espeleologia taldeko kideek Garate eta Rios arkeologoekin batera egin zituzten aurkikuntzak. Bai Mendoza eta bai Itxasok Felix Ugarte, Antxieta eta Munibe Arkeologia Taldeei eskerrak eman nahi izan dizkiete egiten duten lanagatik.

(Irudia: Gipuzkoako Foru Aldundia)

(Irudia: Gipuzkoako Foru Aldundia)

Garrantzia zientifikoa

Gaur aurkeztu dituzten grabatuen aurkikuntzak garrantzia zientifiko handia duela eman dute jakitera. Horrelako aurkikuntzek garaiko biztanleen inguruko kontu mordoa bistaratzen dute. Gainera, Aitzbitarte III eta IXan topatu dituzten grabatuen kasuan, aurkikuntza bereziki garrantzitsua izan da, Grabette garaiko labar arteari dagokionez Kantauri aldean aurkitu diren lehenak baitira.

Aurkikuntza ugari Landarbason

Ez da lehen aldia Errenteriako eremu honetan horrelako aurkikuntza garrantzitsuak egiten direna. Eremu honetan orain dela 100 urte baino gehiago hasi ziren lehenengo indusketak. 60.hamarkadan J.M.Barandiaranek, Aitzbitarte IV koban,  edota Jesus Altunak Aitzibitarte IIIn 2011n aurkikuntza arkeologiko garrantzitsuak egin zituzten. Halere, egindako indusketa lan guztiak eginda ere, gaur egun arte ez zuten grabaturik topatu. Egungo teknologiak, argiztapen hobea kasu, lagundu dute gaur aurkeztutako grabatuak aurkitzen. Eta beste behin ere aurkikuntza hauek erakutsi dute, historiaurreko ondare garrantzitsua ezkutatzen dela Landarbasoko eremuan.

Errenteriako ondare arkeologikoa

Era berean, Mendozak azpimarratu du Errenteriako ondare arkeologikoa “oso aberatsa” dela. 2011.urtetik gaur arte bi trikuharri aurkitu dira Berozpinen. Aberastasun horiek denak kontuan hartuta, Errenteriako Udalak ondarea balioan jartzeko eta hori jendarteari behar bezala erakusteko aurrerantzean proiektuak garatuko dituela aipatu du. Bide berean, Itxasok esan du gaur aurkeztutako aurkikuntzari dagokionez, azterketa sakonagoa egiteko aukera aztertuko duela aldundiak, halako gahiago egoteko aukera handiak” daudelako.

No comments yet.

Utzi erantzuna