Oarsoarrak Euskararen Saria banatuko dute ostiralean

oarsoarrak-2015-irudiaEuskararen Eguna gerturatzen ari da, eta urteak dira egun honen bueltan Oarsoaldeko Euskara Batzordeak Oarsoarrak Euskararen Saria banatzen duela. Aurtengoan seigarrenez banatuko du saria. Eskualdeko lau udalek jendarteko alor guztietan euskararen normalizazioan urrats esanguratsuak egin dituzten, banako, elkarte, lantoki, erakunde nahiz taldeak saritu ohi dituzte. 2015eko saria azaroaren 27an (ostirala) 19:00etan Xenpelar Etxean banatuko da.

Ekitaldian lau herrietako alkateak, zinegotziak, udal teknikariak eta euskalgintzako eragileak elkartuko dira. Sariaren helburua “euskara bera eta euskararen aldeko lana prestijiatzea” dela azaldu du Julen Mendoza Errenteriako alkateak. Gainera, Oarsoarrak Euskararen Sariaz gain, Ohorezko Aipamena ere emango zaio eskualdeko pertsona bati bere ibilbidean zehar euskararen alde egindako lanagatik.

Oiartzungo Ttur-ttur Euskaltzaleen bilguneak, Oarso-Bidasoko Hitzak, Oarsoaldeko AEK-k, Errenteriako Udal Euskaltegiak eta Errenteria-Oreretako Lau Haizetara Euskaldunon Topaguneak osatutako epai-mahaiak urtean zehar eginiko monitore lanaren ondotik erabaki dira saridunak. Webgunearen bidez herritarrek eginiko proposamenak eta epai-mahaikideek eurek egindakoak kontuan hartuta, eman dute epaia. Ostiralean emango dute ezagutzera.

Koldo Mitxelenaren omenezko erakusketa

Euskararen Eguna aitzakia hartuta ere, Errenteriako Udalak Koldo Mitxelenari eskainitako erakusketa “xume” bat ireki du Xenpelar etxean. Ostirala bitarte egongo da zabalik arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara bitarte.