Datozen lau urteetarako legegintzaldi plana aurkeztu dute

aurkezpena ADN7200 lagun inguru bildu dira gaur goizean Merkatuzarren egin den 2015-2019 legegintzaldi planaren aurkezpenean. Aniztasuna ugaria izan da; izan ere, norbanakoez gain sentsibilitate eta alor ezberdinetako eragileak elkartu dira. Ekitaldia 12:00ak aldera hasi da bideo txiki baten proiekzioarekin.

Gaurkoan Udal Gobernu taldeak datozen lau urteetarako dituzten erronka, proiektu eta asmo nagusiak aurkeztu dizkie herritarrei. Eta horretan aritu dira Jaione Karrikiri alkateordea, Ion Collar kultura zinegotzia eta Julen Mendoza alkatea. Azken honek aipatu du aurkezpen ekitaldiaren helburu nagusia nolabaiteko “ariketa demokratiko” bat egin, eta herritarrei euren asmoak zuzenean helaraztea zela.

aurkezpena ADN8Mendozaren arabera,  plan hau prozesu parte-hartzaile batetik eratortzen den Plan Estrategikoa garatzen duen plan bat besterik ez da. Era berean, alkateak azpimarratu du plan hau ez dela inondik inora estatikoa, dinamikoa baizik. Eta zentzu honetan plana herritarrekin eztabaidatu ahal izateko parte-hartze guneak sortzeko konpromisoa hartu du.

Gainera, Mendozak adierazi du plan honek paradigma aldaketa dakarrela hiru ardatz nagusitan: administrazioan, arlo sozialean eta arlo ekonomikoan.

Bost erronka

Plana bost-lan eremu edo erronkatan banatu dute. Baina azaldu dutenez, bada denek zentroan jartzen duten elementu bat: “pertsona”. Izan ere, “pertsonen bizi kalitatea alor guztietan hobetzea helburu” dute.

aurkezpena ADN6Karrikirik lehen erronka aurkeztu du: eraldaketa sustatzea, garapen sozioekonomikoa izan dezan. Plan Estrategikoak finkatu zuen “Errenteriak etorkizuna izango badu, ekonomia kreatiboa sustatzen duten politikak gauzatu” behar direla, modu batean 80 eta 90.hamarkadetako industria astunaren gainbeherari aurre egiteko. Era berean, bigarren lan-eremu baten baitan, pertsonak babesteko politikak aurrera eramango dituztela azpimarratu dute. Udal Gobernu Taldearen esanetan, pertsonak gizartea kohesionatzeko eta garapen iraunkorrerako elementu baitira. Zentzu honetan, aipatu dute gizarte-kohesiorik eta gizarte babesik gabe ez dela garapen sozioekonomikorik izango.

Pertsonentzako ingurunea. Horixe finkatu duten hirugarren erronka. “Hiriko espazioan eragiten duten udal-politikek babes eta kohesio soziala izan behar dituzte helburu”. Laugarren lan eremu bat ere aurkeztu du Collarrek, “kreatibitatean hezi, eraldaketa gauzatzeko”. Beren etorkizunaren jabe izango diren pertsonez osatutako herria izateko, “sormena lantzen duten balioetan hezi behar ditugu pertsonak”. Karrikirik bosgarren erronka azaldu du: herritarren beharrei erantzungo dien administrazio berri eta eraginkorra.

Ekitaldiaren amaieran bertaratu direnek lunch txiki batez gozatu ahal izan dute.

Informazio gehiago: adn.errenteria.eus