1.700euro bildu dira Siriako errefuxiatuen aldeko kontzertu solidarioan

txekea_errefuxiatuak
Areizaga eta Mendoza taloia eskuetan dutela

Diru kopuru horrekin 3000 errefuxiatu ingururi manta termikoak emango dizkiete. Hala adierazi du ACNUR-eko kide Marta Areizagak. EMKE eta Andra Mari Abesbatzak Santa Zezilia egunaren harira Siriako errefuxiatuen aldeko kontzertu solidarioko sarrerak 5€ren truke saldu zituzten, eta gaur eman diote bildutako dirua ACNUR-i, honek dirua errefuxiatuen aldeko lanean erabil dezan.

Julen Mendoza alkatea berak eman dio 1.700 euroko taloia Areizagari. Bertan izan dira ere Luismi Yerobi Andra Mari Abesbatzako kidea eta Alain Ayrdi EMKEko kidea. Areizagak biziki eskertu die emandako laguntza eta azpimarratu du herritarrengandik eta administrazio lokaletatik ari direla jasotzen laguntza gehien.

“Duintasun kit-a”

Areizagak gogorarazi nahi izan du Sirian egoera oraindik ere oso larria dela. “Titularrek ez dute horren inguruan hitz egiten, baina egoera irailean zegoen berbera da”. Ahal duten neurrian, errefuxiatu guneetan “duintasun kit-ak” ematen ari direla azaldu du, janaria, sabaia, ura eta arropa lehorra ziurtatu nahi dizkiete, “duintasunez bizitzeko gutxiengoa”.