2016ko aurrekontuak onartu dira

aurrekontuak_plenoaDatorren urterako aurrekontuak onartu ziren atzoko udalbatzaren ezohiko osoko bilkuran. Gobernu Taldearen arabera, Errenteria 2025 plan estrategikoaren testuinguruan prestatutako aurrekontuak dira. Izan ere, aurrekontuetan aurreikusitako proiektuetako asko plan estrategikoa gauzatzeko proiektuak dira.

Guztira 51.595.043€ko aurrekontua da. Eta “inbertsio handiak” espero dira. Alabergako igugailua, Herritarrak Artatzeko Zerbitzua, enplegu planak, bi aparkaleku, Lekuona, gazteen plan estrategikoa, Gizarte Larrialdietako Laguntzak edota energia jasangarrirako ekintza plana betetzea; horiexek aurreikusitako proiektuetako batzuk.

Langile-kostuak 770.000 handituko dira, “zerbitzuak hobe eman daitezen”. Eta zehazki, Herritarrak Aratatzeko Zerbitzu berri bat martxan jartzearen alde egiten duen “apustua” azpimarratu nahi izan zuen Gobernu Taldeak. Era berean, esan zuten herritarren babesa bermatzera datozela aurrekontuok. Zentzu honetan, Gizarte Larrialdetako Laguntzak mantenduko dira, 800.000€, Eusko Jaurlaritzak guztiz estaltzen ez dituenerako,  nahiz eta bere eskumena den. Modu berean, 500.000€ enplegu-planetara bideratuko dira.

Alabergako igogailuaren inbertsioari dagokionez, atzo azaldu zuten goiko zonetarako irisgarritasuna hobetuko duen proiektua dela. Lehen fasearekin hasi dira eta 2017rako bi igogailuak eraikita egotea aurreikusten da. Obrak amaitzerako, legegintzaldi osoan egindako inbertsioa 1.600.000€ izango da. Gainera, Gobernu Taldeak herriko aparkaleku gabeziari aurre egiteko, bi aparkaleku eraiki nahi ditu. Horrela, 488.000€ Renferen geltokiaren ondoko aparkalekuaren lehen fasean inbertituko dira. Bigarren fasea amaitutakoan erabilera publikoko 150 aparkaleku sortuko dira. Beste 72.000€, berriz, Igantzi kaleko aparkalekuaren proiektuaren lehen fasera bideratuko dira, aparkaleku honek 35 plaza sortuko ditu.

Zorra gutxituz

Era berean, Udal Gobernu Taldeak atzokoan azpimarratu nahi izan zuen zorra gutxitzen ari direla. Izan ere, “inbertsioak egiteko eskatutako maileguak amortizazioak baino txikiagoak dira”.