Gazteei zuzendutako kultur aniztasunaren inguruko jardunaldiak Merkatuzarren

Jatorkin_jardunaldiak
Jatorkin elkarteko kideak Itziar Ostolaza gazteria zinegotziarekin batera

“Aniztasunean hezi” izenburupean kultur aniztasunaren inguruko jardunaldiak antolatu ditu Jatorkin etorkinen aldeko elkarteak Udalarekin elkarlanean. 16-19 urte bitarteko gazteei zuzenduta daude eta abenduaren 11n (ostirala) eta 12an (larunbata) Merkatuzarren egingo diren bi saiok osatuko dituzte. Udalaren esanetan, gaiarekiko sentsibilizazioa lantzea eta Errenterian bizi diren jatorri ezberdineko gazteek elkar ezagutzea, zein euren artean zubiak eta harremanak eraikitzea dira jardunaldi hauen helburu nagusiak.

Lehenengo saioa kultur aniztasunaren inguruko ikus-entzunezko tailerra izango da. 17:00etatik 20:00etara luzatuko da, eta zita Merkatuzarreko balio-anitz gelan jarri dute. Bigarren saioan, berriz, genero identitatea kontuan hartuta, musika eta bideoen analisia egingo dela jakinarazi dute. Larunbatean 10:30etik 12:30era toki berean izango da.

“Lehen pausua”

Gazteria eta hezkuntza sailetik kulturartekotasuna, baita jatorri ezberdineko pertsonen integrazioa zeharkako gai gisa jorratu nahi dutela azpimarratu dute. Eta jardunaldiok bide horretako “lehen pausua” direla adierazi dute. Izan ere, horrelako ekintza eta proiektu gehiago martxan jartzeko asmoa adierazi du Udalak, kultur aniztasunari baita jatorri ezberdineko pertsonen integrazioari bultzada eman nahian.