Gutxi falta da Olentzero eta Mari Domingi Errenteriara iristeko

Olentzero_MariDOmingi
Maritxalar, Barros eta Fernandez

Datorren abenduaren 23an jasoko dituzte Olentzero eta Mari Domingik Errenteriako haurren eskutitzak. Hala iragarri dute gaur egindako aurkezpenean Xixilio Maritxalar Lau Haizetarako presidente eta Olentzero eta Mari Domingiren lantaldeko kideak, Amaia Fernandez lantaldeko kideak eta Cele Barros Errenteria Musikaleko ikasketa buruak gaur egin duten aurkezpenean. 2002an Lau Haizetara ekintza antolatzen hasi zenetik jaia asko zabaldu dela adierazi dute, eta Olentzero eta Mari Domingi jada herrian erreferente direla ere uste dute.

Ekitaldi nagusia arratsaldean izango bada ere, 12:00etan haurrentzako ekitaldi bat izango da Lau Haizetara beraren egoitzan, topoko geltokiaren aurrean. Kuadrillategiko gazteek haurrentzako jolasak eta tailerrak antolatu dituzte. Eta bertan egindako eskulanak gainera arratsaldeko jaia apaintzeko erabiliko dira.

Arratsaldean 17:00etan, unerik “magikoenetakoa” izango da, ongi etorri beroa egingo baitiete bi pertsonaiei Madalenaren ermitan. Ehunka haur zain izango dituzte, Errenteria Musikaleko Banda Gaztearekin batera. Traktore batek lagundutako gurdian helduko dira, eta handik denak elkarrekin herriko plazara abiatuko dira kalejiran, txistulariak, trikitilariak, dultzaineroak, dantzariak etab. 18:ooak aldera Herriko Plazarara helduko dira, han Gazte Bandakoak kantuan zain izango dituzte. Eta bertan haurrek euren eskutitza eman eta bi pertsonaiak agurtzeko aukera izango dute. Gainera, urteroko moduan, gaztaina erreak banatuko dituzte Herriko Plazara bertaratutakoen artean.

Era berean, gaur Mari Domingik duen garrantzia ere nabarmendu nahi izan dute. Parekidetasunaren alde lan egiten ari direla esan du Maritxalarrek. Mari Domingi ez da “florero hutsa”, Maritxalarren hitzetan, horren adibide da esaterako eskutitzak banatzerako orduan haurrek berdin-berdin egiten dutela Olentzero edo Mari Domingirekin.

Elkarlanean aberasten

Urtetik urtera jaia handituz doa, eta gero eta haur gehiago dira kalejirara edota gutuna ematera hurbiltzen direnak. Gaur esan dutenez, lehen urtean 125 haur inguruk eman zuten euren gutuna, eta azken urteetan, berriz, 500-700 haur izatera iritsi dira. Aurten herriko eskoletan 2.400 gutun baino gehiago banatu dira.

Lau Haizetarak antolatzen du ekintza, baina urtetik urtera elkarlana handituz doa. Errenteria Musikalekin eta Errenkoalderekin harremana horren lekuko da. Zentzu honetan, Barrosek aipatu du Errenteria Musikalek jai honetan kolaboratzen duela urteak badira ere, iaztik elkarlana estuagoa dela. Guztira 100 bat ikasle aritzen dira ongietorri honetan kantuan, musika joaz edota dantzan. Elkarlanean aritzeak bere fruituak dakartza, eta gaur “aberastasun” hori azpimarratu nahi izan dute.

CWQfiCIXAAA8jTQ.jpg large