Oiartzun ibaiaren inguruneko paisaiaren ekintza plana abian da

1_DSC4573Abenduaren 2an egin zen Tokiko Gobernu Batzordean onartu zen plan hau. Jose Cruz Legorburu ingurumen zinegotziak esan duenez, plana 2015ean idatzi du ingurumen sailak, eta udalerriko hainbat gizarte eragile eta beste adminitrazio batzuek ere bere idazketan parte hartu dute.

Helburu nagusia Oiartzun ibaiak Errenteriako hiri-gunea zeharkatzen duen tartean ibai-eremua birgaitu eta biziberritzea da. Errenteria 2025 Plan Estrategikoaren baitan egin den plana da. Guztira 12 ekintza eta 47 garapen proposamen jaso dira. Azaldu dutenez, planaren edukiak gai ezberdinak jorratzen ditu; esaterako, hobekuntzak hirigintza, ingurumen eta gizarte arloetan, hondatutako eremuen berreskuratzea, elementuen edertzea, edota biztanleriak eremuaz gozatzeko ekintzak sustatzea.

Epe motz, ertain eta luzera begira

Udalaren arabera, plan horren proposamenak epe motz, ertain eta luzean egitekoak dira eta horietako batzuk jadanik martxan jarri dira.  Iztietako ibai-ertzean hobekuntzak dinamizatzea eta ibaiaren inguruan jarduera fisiko osasungarria sustatzea dira horren adibide. Azken honen kasuan Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin eta Osakidetzarekin batera.

Bestalde, ingurumen sailetik aipatu dute 2016ko udal aurrekontuetan hainbat diru-partida gehitu direla, besteak beste, Ondartxon itsasdarraren nabigazioa ahalbidetzeko. Gainera, URA Uretako Euskal Agentzia eta Añarbeko Urak erakundeekin gestioak egiten ari dira, ibaiaren ingurumen-berreskurapena sustatzeko.