Txarangada taldea osatuko dute aurtengo inauterietan Errenteriako Oarsoirriak-eko lagunek

Iazko inauterietako batukada herrikoia
Iazko inauterietako batukada herrikoia

Inauteriak bertan dira, eta Errenteriako OarsoIrriak-ek ere herriari kolorea eta alaitasuna eman nahi dio bere moduan. Azken bi urteetan batukada taldearekin atera dira herriko kaleetan zehar eta “esperientzia zoragarri” honi segida eman nahi diote aurten ekintza berri batekin: txarangada taldea.

Inauterietako larunbatean, otsailaren 6an, 12:00etan osatutako txarangada taldearekin herriko kaleak alaitu eta familia giroan ondo pasa nahi dute. Eguna baino lehen entsegua antolatu dute urtarrilaren 24an 17:00etatik 19:00etara Merkatuzarreko Jose Luis Caso Aretoan. Entsegura instrumentua eraman beharko dutela jakinarazi dute antolatzaileek.

Inauterietako Txarangada herrikoian parte hartzeko urtarrilaren 22a baino lehen izena eman behar da. Formulario hau bete behar da horretarako.

Etxean egindako instrumentuak

Entsegu eguna aurretik instrumentuak etxeetan lantzeko aukera izango dute. Horretarako argibideak eman dituzte. Inauterietan etxean sortutako turuten, tronpeten, platilloen eta danborren hotsek alaituko dituzte Errenteriako kaleak. Guztira hiru kanta abestu eta joko dituztela ere gaineratu dute: behera behera, Lesakako inauteriak eta Errenteriako Madalenetako Diana.

Iazko batukadaren bideoa (bideoa: Oarsoirriak):