Udal igogailu guztietan argiteria aldatu eta itzaltze automatikodun sistema jarri du Udalak

igogailuaUdalak jakinarazi du udal igogailu guztietan, denera 29, energia eraginkortasun neurriak ezarri dituela, energia aurrezpen eta eraginkortasun politikari jarraiki. Energia iraunkorrerako ekintza planari (EIEP) erantzuteko proiektuetako bat izan da.

Batetik, itzaltze automatikodun sistema jarri du. Udalaren arabera, igogailuetako kabinako argia gau eta egun piztuta egotea ohikoa izaten da, baita igogailuak erabilerarik ez duenean ere. Eta hori ekiditeko hartutako neurria da lehenengoa. Sistema hori ezarrita, igogailuen erabilera ohikoentzako %80ko aurrezkiak ere lor daitezkeela azaldu du. Bestetik, orain arteko halogeno edo fluoreszente lanparak LED teknologiara aldatu dituzte, eta horrekin ere aurrezki “garrantzitsuak” lor daitezkeela dio Udalak.

Kontsumo murrizketa

Bi aldaketa edo neurri horiekin, egungo energia kontsumoa %85ean murriztuko da gutxi gora behera (urteko  23080 Kwh-ko energia aurrezpena), Udalaren arabera. Modu honetan, urtean 3.000€ inguru aurreztuko dituela gaineratu du Udalak. Halaber, neurri horrekin urteko 7,85 tona CO2 isurtzea ekidingo da.  Aldaketa horiek bideratzeko 18.298€ko inbertsioa egin du Udalak.

Era berean, Udalak azaldu du neurri hori hartzea klima aldaketaren aurrean berotegi efektua  eragiten duten gasen isurpena murrizteko ekintza garrantzitsua dela. Eta herritarrak gonbidatu ditu hori bultzatzera; horretarako, igogailua mantentzeko ardura duen enpresarekin harremanetan jartzea gomendatu du.