DYAk laguntza ekonomikoa lortzeko kanpaina abiatuko du Errenterian

DYA-GipuzkoaGipuzkoako DYAk, Bidelaguntza Elkarteak, Errenteriako bizilagunen artean laguntza ekonomikoa lortzeko telefonozko kanpaina martxan jarriko du. Elkarteko kideen esanetan, elkartearen biziraupena jendearen borondateak bermatzen du. Eta gogorarazi dute elkarte boluntario eta altruista dela.

Azaldu dute herritarrek ematen duten laguntza osoki elkartera doala bermatzeko, ordainketak kontuan helbideratzea eskatzen dutela. Eta hori dela, hain zuzen, kanpaina honen arrazoi nagusia. Izan ere, laguntza modu horretan emanda, “bidean galtzen ez” dela ziurtatzen da, euren esanetan.

Egun 1.8 milioi eurotan baloratutako zerbitzua da DYArena. Eta diru kopuru hori dela eta pasa den urtean Gipuzkoan 27.000 kasu baino gehiagotan laguntza eskaintzeko aukera izan zutela nabarmendu dute.