Konposta egiten duten familiek eta 5.edukiontzia erabiltzen dutenek %25eko eta %5eko hobaria izango dute, hurrenez hurren

OLYMPUS DIGITAL CAMERA
Auzo-konposta guneetako bat

2016ko hobari fiskalek materia organikoa “arduraz” birziklatzen duten familiak sarituko dituzte. Auzo-konposta edota etxeko konposta egiten duten familiek %25eko hobaria izango dute. Materia organikoa bosgarren edukiontziak gaika biltzeko programan parte hartze aktiboa duten familiek, berriz, %5eko hobaria.

2015.urtean %40,8ko gaikako bilketa izan zen Errenterian, Udalaren arabera. Helburua datu hori handitu eta 2016an  %60ko gaikako bilketara iristea da. Testuinguru honetan, 2016tik aurrera “ingurumena eta osasun publikoa babesteko arduraz jarduten diren familiak saritu nahi ditu, egunero egiten duten ahalegina eskertzeko”.

Auzo-konposta eta etxeko konposta

2015 eta 2014.urtean jarri ziren abian, hurrenez hurren, etxeko konpostaren eta auzo-konpostaren programak. Bitarte horretan gainera, auzo-konposta egiteko zazpi eremu publiko gaitu direla esan du Udalak, “etxeetan sortzen diren gai organikoak ere kudea daitezen”. Programa horietan izena emanda dauden eta parte-hartze aktiboa duten familiak dira hobaria jasoko dutenak.

Bosgarren edukiontzia

Udaletxean hondakin organikoa biltzeko dagoen ontzietako bat
Udaletxean hondakin organikoa biltzeko dagoen ontzietako bat

Era berean, materia organikoa birziklatzea “ohikoagoa” izateko, iazko martxoan bosgarren edukiontziak jarri ziren kalean. Eta programa honetan izena eman eta parte-hartze aktiboa duten familiek ere hobaria jasoko dute. Zentzu honetan Udalak azaldu du parte hartze-aktibo moduan zera ulertzen dela: 2016ko urtarrilaren 1etik martxoaren 30era bosgarren edukiontzia gutxienez hilean lau aldiz erabiltzea egun desberdinetan. Gainera, datu horiek Udalak berak badituenez, baldintzak betez gero, zaborren tasaren gaineko hobariak zuzenean aplikatuko dira. Hortaz, ez da inolako eskaerarik egin beharko.

Halaber, Udalak bosgarren edukiontziaren programan parte hartzen dute familiei bi kontu gogorarazi nahi izan dizkie. Batetik, hondakin organikoek poltsa eramaten den aldiro txartel elektronikoa erabiltzea garrantzitsua dela, edukiontzia ondo itxita ez dagoen kasuetan ere. Modu honetan soilik kontrola daiteke eta zenbat eta nola erabiltzen den. Eta bestetik,  poltsa konpostagarriak soilik erabili behar direla, zeinak Udalak doan banatzen dituen.