Eraso sexistak direla eta nazka eta amorruz beteta daudela salatu dute hamarnaka lagunek

erasoak_manifestazioa“Nazkatuta gaude; baboso eta erasotzaileak kanpora”, lelo horrekin bat eginez abiatu ziren atzo hamarnaka herritar pasa den astean gertatutako bi eraso sexistak salatzeko Errenteriako mugimendu feministak deituriko manifestazioan. 19:00etan atera zen Galtzarabordako kiroldegitik. Bertako emakumeen aldagelan kamera bat aurkitu izana salatu zuen kiroldegiko emakume erabiltzaile talde batek ostiralean. Eta astelehenean, berriz, emakume batek Galtzarabordan erasotua izan zela salatu zuen.

Alabergatik jaitsi eta Errenteriako erdigunea hartu zuen manifestazioak. Herriko kaleetan barrena erasoen aurkako oihuak zabaldu zituzten bertaratutakoek. Eta protesta Herriko Plazan amaitu zuten, non mugimendu feministako kideek hartu zuten hitza. Erasoekin nazka eta amorruz gainezka zeudela adierazi zuten, baina kolektiboki tinko erantzuteko prest. Mezua helarazi nahi izan zioten kamera jarri zuenari, eta “baboso-zerri nazkagarri” bat dela esan zioten. Gainera, emakumeak “titiak haratago” zerbait badirela aldarrikatu zuten.

Era berean, erasoen aurrean autodefentsarako egiten duten hautua argi erakutsi nahi izan zuten. “Ez gara biktimak, ez gara subjektu pasiboak”, esan zuten. Sexu indarkeriak errotik ezabatzeko, polizia eta epaile neurri zigortzaileez gain, bestelako jarrera, ekintza eta neurriak beharko direla gaineratu zuten.

Kalean libre

Kalea ere emakumeena dela aldarrikatu zuten. Zentzu horretan, espazio guztiak hartzeko deia egin zuten: plazak, kaleak, Udalak, komunak… Edozein tokitan “libre mugitzeko eskubidea” daukatela gogorarazi zuten. Gainera, erasoen aurrean ez direla ez kikildu ez isilduko adierazi zuten, eta erasotzaileak baztertu eta kanporatzeko deia egin zuten beste behin ere.