Inauteriak direla eta trafikoan aldaketak izango dira

desfilea 2015
Maria Lezo kaleari eragingo diete, aldaketek, besteak beste

Larunbatean eta igandean hainbat aldaketa izango dira trafikoak inauteri ospakizuna dela eta. Horrela, erdigunean trafikoarentzat moztuta egongo da otsailaren 6ko (larunbata) 13:30etik otsailaren 7ko (igandea) 21:00ak arte. Eta zehazki mozketak Maria Lezo, Xenpelar, Foru Plaza, Pablo Iglesias, Alfontso XI eta Biteri kaleei eragingo die. Hori dela eta, larunbateko 12:00ak baino lehen kale horietatik ibilgailuak kentzeko eskatu die herritarrei Udaltzaingoak.

Tulle kaleari eta Nafarroa hiribideari (Galizia eta Santa Klara biribilguneen artean) ere eragingo diete aldaketek. Eta kale horiek larunbaterako ibilgailurik gabe egon beharko dute. Larunbatean desfilea 18:30ean hasiko da, eta igandean, berriz, 12:00etan. Bi egun horietan desfileak hasi baino ordu erdi lehenago trafikoa moztuko da hurrengo zonatan: Beraun kalearen bidegurutzea Arramendi pasealekuarekin, Aiako Harria, Aralar plaza, Galizia biribilgunea (N-1 errepidera desbideraketa) eta Lartzabal (trafikoa saihesbidetik).

Era berean, gidariei bi egun horietan bide alternatiboak erabiltzeko eskatu diete udaltzainek, auzoetarako joateko N-1 errepidea erabiltzea gomendatu dute. Bestalde, jaien eremuaren barruko garajeak erabiltzen dituztenek, Esmalteria, Pablo Iglesias, Biteri 38 eta Morrongilleta 4 kasu, horrelakoetan erabili ohi diren sarbideak erabili beharko dituzte. Eta Nafarroa etorbidearen 27 eta 19ko aparkalekuan aparkatzen dutenek kontuan hartu beharko dute desfilea gauzatzen den bitartean ezin izango direla bertara sartu.

Garraio publikoa

Autobus geltokietan ere aldaketak izango dira. Hala nola, Morrongilletako autobus linearen geltokia, baita Xenpelarrekoa ere, Tulle kalera eramango dituzte. Eta Zumardian, Gabierrotan eta Lartzabalen dauden geltokiak, berriz, Diputazio plazara aldatuko dituzte.