Hezeguneen Mundu-eguna ospatu zen atzo hainbat herrialdetan

WWD16-logo-vertic-engAtzokoan ospatu zen egunak hezeguneen balio eta garrantziaz sentsibilizatzea du helburu. Izan ere, naturan, giro desberdinen arteko mugetan kokatutako lekuek balio biologiko handia daukate. Leku horietan, adibidez paduretan, itsasoko, ibaiko eta lurreko inguruek bat egiten dutenean, dinamika konplexua sortzen da eta padurako ekosistema eragiten da. Hain zuzen, Euskal Autonomia Erkidegoko ekosistemei dagokienez, padurako ekosistema da aberastasun biologiko handiena duena.

Espezieek denboran biziraungo badute, beharrezkoa dute esparru hezeguneek eskaintzen duten aldakortasun- eta desberdintze-ingurune biogegrafiko zabala. Bestalde, gaur egun Euskadin hezegune gutxi geratzen dira eta horrek are garrantzitsuago egiten ditu daudenak. Izan ere, hezegune gehienak suntsitu edo larriki hondatu baitira. Gaur egun, hezegune gehienak oso kolokan daude, gero eta egoera ahulagoan daudelako eta beren azalera murrizten den neurrian birsortzeko gaitasuna txikiagoa delako.

Txingudiko badia
Txingudiko badia

Euskadiko sei hezegune nagusiek berebiziko garrantzia dute biodibertsitatearen zaintzan, bertako animalia- eta landare-espeziei eutsi eta ingurune pribilegiatua zaintzen baitute. Horietan handiena Ulibarri-Ganboako urtegia da (397 hektarea), Euskadiko barneko hezegune garrantzitsuena, hain zuzen. Txingudik, Hondarribia, Hendaia eta Irun artean, 127 hektarea ditu; Salburua, Gasteizko ipar-ekialdean (173,5 hektarea), lehentasunezko ekosistema da desagertzeko mehatxu larria duten espezientzat. Gesaltza Añanak (25 hektarea) Arreo/Caicedo de Yuso aintzira hartzen du barnean. Guardiako urmaelek (Carravalseca, Carralogroño, Musko eta La Paul) hegazti ugari erakartzen dituzte Toloñoko mendilerrotik, Arabako Errioxan.

Hezeguneen Lurralde Plan Sektorialak 508 hezegune jasotzen ditu bere inbentarioan, eta horietatik 77k kudeaketa-neurriren bat dute. Horrez gain, 57 Naturgune Babestu izendatuta daude.

Ramsar zerrenda

Hezeguneei buruzko Ramsar Nazioarteko Hitzarmena gobernuarteko ituna da, eta hezeguneak eta bertako baliabideak zaintzeko eta zentzuz erabiltzeko esparrua eskaintzen die herrialdeko jardunei eta nazioarteko lankidetzari. Alderdi kontratatzaileak 169 dira guztira; 2.225 hezegune daude Ramsar zerrendan, eta orotara 214.569.564 hektarea hartzen dituzte barnean.

Euskadik Ramsar zerrendan barneratutako sei hezegune dituUrdaibai, Guardiako urmaelak, Txingudi, Salburua, Ulibarri-Ganboa eta Gesaltza Añana. Orotara, 1.685 hektarea hartzen dituzte.