Tokiko Agenda 21en II. Ekintza-planaren idazketa bideratu du Udalak

ingurumena_aholku_kontseilua
Ingurumeneko aholku kontseilua

Badira ia 10 urte Udalak Errenteriako Tokiko Agenda 21en I. Ekintza-plana (2006-2011) onartu zuenetik eta, epealdi horretan, dokumentuan jasotako hamaika ekintza burutu dira: hain zuzen ere, planaren %54a betetzera iritsi da.

Dagoeneko, ordea, denbora dezente igaro da eta plan horren iraunaldia agortzeaz gainera, hiriko errealitatea bera ere aldatu egin da. Hori kontuan izanik, Tokiko Agenda 21en II. Ekintza-planaren osaketa-lanak abiatu ditu Ingurumen-sailak, lehenik eta behin, udalerriko errealitatea garapen jasangarriaren ikuspuntutik islatzen duen diagnosia osatuz.

2015 urtean, Errenteriako Iraunkortasunerako II. Ekintza-plana (2015-2025) dokumentuaren osaketari heldu zion Udalak, horretarako Udaleko bestelako planak kontuan izanik, besteak beste: Iraunkortasun-diagnosia, Errenteria 2025 Plan Estrategikoa, Berdintasuneko Plana, Energia Iraunkorrerako Ekintza-plana, Hiri-Hondakinen Prebentzio-plana, etab.

Horretaz gain, Udaleko sail ezberdinetako arduradun teknikoekin eta ordezkari politikoekin Plan berriaren zirriborroan jasotako egitura eta ekintzak aztertu direla jakinarazi du Udalak, dokumentuari udal barneko ekarpenak batzeko.

Beste zenbait planek ez bezala, Tokiko Agenda 21aren II. Ekintza-planak esparru anitz biltzen ditu bere baitan: gizarte arloa, enplegua, kultura, ingurumena, berdintasuna, etab. Izan ere, Plana 2025ari begira Errenteria Iraunkorragoa eraikitzen lagunduko duen tresna izango dela azpimarratu dute Udaletik. II. Ekintza-planaren zirriborroa 12 Lerro Estrategikoetan, 43 Jarduera Programa eta 193 Ekintzetan egituratuta dago.

Nola parte hartu?

Jose Cruz Legorburuk, Ingurumen Saileko Zinegotziak zehaztu duenez, prozesu hau eraikitzailea izateko, hiritarrekin partekatzea ezinbestekotzat du Errenteriako Udalak. Horregatik. II. Ekintza-planaren zirriborroa Ingurumeneko Aholku-kontseiluko (IAK) kideekin aztertzeko bidea hasi du.

II. Ekintza-plan honen osaketa prozesuari buruzko informazioa honako udal-webgunean aurkitu daiteke: http://ingurumena.errenteria.eus/. Ekarpenak egiteko bideak honakoak dira:

  1. ingurumena@errenteria.eus helbidera mezu bat bidaliz
  2. Udaletxeko erregistroan sarrera emanez
  3. Ingurumen Sailera eramanez

Ekarpenak egiteko azken eguna otsailaren 26a izango da.

Informazio gehiago hemen.