Errenteriara etorri berrien harrera protokoloa; irekia, bizia eta dinamikoa

3Gaur goizean aurkeztu dute Xenpelar etxean Errenteriara etorri berrientzako harrera protokoloaren dokumentua. Ez da ordea behin betiko dokumentua, jaso diren eta jasoko diren ekarpenez gain, protokoloak unean uneko errealitatera egokitzen jakin behar duelako. Hala adierazi dute Nagore Basurto kultur aniztasuna, garapenerako lankidetza eta giza eskubidetako zinegotziak, Samira Goddi saileko teknikariak eta Maitane Barrenetxe Aztikerreko kideak gaurko aurkezpenean. Udalak Aztikerrekin batera egin du, hain zuzen, protokoloa diseinatzeko prozesu parte hartzailearen garapena. Eurekin batera izan dira aurkezpena entzuten prozesuan parte hartu duten eragile ezberdinetako ordezkariak zein norbanakoak.

Azken zortzi hilabeteotan egin den prozesu honen helburu nagusia Errenteriara bizitzera etorri direnei harrera egoki bat eskaintzeko baliabideen inguruan hausnartzea da. Nolabait herriko eragile eta bizilagunekin harremanak sortzeko bitartekoak jarri nahi ditu Udalak iritsi berrientzat. Basurtok esan du herritar guztiei eskubide eta aukera berdintasuna bermatzeko konpromisoa duela Udalak, eta kultur aniztasuna balio edo aniztasun moduan ulertzen duela.

5
Eragile ugaritako ordezkariak bildu dira gaurko aurkezpenean

Goddik gaineratu du duela urtebete kultur aniztasunaren saila martxan jarri zenean gaiaren inguruan diagnosi bat egina zegoela, baina haratago, harreraren inguruan hausnartzeko beharra sumatu zuten. Eta halaxe ekin zioten Aztikerrekin batera, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin prozesuari.  Izan ere, lehen unetik Errenteriari buruzko informazioa modu egokian eskainita, etorri berrien eskubideak bermatu, parte hartzea sustatu, eta denen arteko elkarbizitza zein kohesioa hobetu daitezkeela uste du Udalak. Eta zentzu honetan, esparru guztietatiko harrera da Udalak proposatutakoa. Eta hala hiru eremu nagusitan lan egin da prozesuan, administrazioan, hezkuntza eremuan, eta herriko eragile, elkarte eta entitate ezberdinekin.

Prozesu parte hartzailea

harrera_protokoloa_prozesua
Prozesuaren 2.fasea

2015eko ekainean abiatu zuten prozesua. Eta Barrenetxeak azaldu du hiru urrats nagusi egin dituztela geroztik. Lehenik eta behin, Errenteriako harreraren diagnosi bat egin zuten, “egun egiten den horretatik abiatu eta hori hobetzeko asmoarekin”. Uda ondoren, berriz, protokoloaren oinarriak diseinatu zituzten eta horiek izate ezberdineko 20 gizarte eragile ingururekin egindako elkarrizketen bitartez sakondu zituzten. Elkarrizketen ostean, protokoloaren zirriborroa osatu zuten eta hiru “kontraste saio” egin dituzte. Batetik, hezkuntza eremuko eragileekin; bestetik, udal teknikari eta langileekin; eta azkenik herriko gizarte eragile ezberdinekin. Hori guztia eginda, txostena eta DVDa osatu dituzte.

Elkar-ezagutza sustatu

Barrenetxearen hitzetan, protokolo honek nagusiki hiru ardatz ditu. Batetik, egun lehen harrera guneak direnak balioan jartzen dituela esan du. Gainera, protokoloak udalean “txip aldaketa” dakarrela azaldu du, bai erroldatze garaian edota bestelako zerbitzuak eskaintzerako garaian gauzak erraztuz eta informazioa eskainiz. Eta azkenik, nabarmendu nahi izan du erroldatzetik haratago integrazio prozesuari ateak irekitzen dizkion protokoloa dela. Tresnak eskainiko ditu harremanak, arlo sozio afektiboa eta elkar-ezagutza sustatzeko.

Orain Errenterian dauden baliabideen berri emango duen gida bat osatu nahi dute, hizkuntza ezberdinetan argitaratuko dena, eta prozesu honen jarraipena izango dena.

Ekarpenak 

Eragile asko izan dira prozesuan inplikatu direnak, baita udal teknikariak eta udaleko alderdi politikoak ere. Azken fasean jaso dituzten ekarpen batzuk gaur aurkeztutako dokumentuan jaso dituzte, baina Basurtok azaldu du oraindik ere ekarpen batzuk jasotzeke daudela, eta aurrerantzean ere herritar denek egin ditzaketela behar adina ekarpen. Gainera, martxan jartzeak hobetu beharrekoa zer den ikusarazten lagunduko diela uste du Basurtok. Eta bide horretan, Udalak baliabideak eskainiko dituela esan dute, esaterako, balorazio fitxak egingo dituzte. Txostena irekia, bizia eta dinamikoa baita.