Dantza astea Errenterian

Goizean aurkeztu dute aste osoko egitaraua
Goizean aurkeztu dute aste osoko egitaraua

Kukai Dantzak Errenteriako Udalarekin batera dantza-astea antolatu du gaurtik hasi eta igandera bitartean. Dantza sentsibilizazio proiektuaren baitan antolatutako astea da eta dantzarekin zerikusia daukaten ekintzez beteko da herria. Egitarauko puntu gorena igandean izango da, 19:00etan Niessen Kulturgunean Kukai Dantzak Oskara bere ikuskizun berria taularatuko baitu. Horren guztiaren berri emateko gaur aurkezpena egin dute Kukai Dantzako kideek Ion Collar kultura zinegotzia eta Leire Cano kultura teknikariarekin batera.

Gaur goizean bertan entsaio gelan entsegu irekia egin dute Kukal Dantza taldeko kideek. Gizarte zerbitzuarekin elkarlanean aritu dira eta emakume atzerritar talde bat gerturatu da entsegura, egiten duten lana ezagutzera. Ostegunean AEK-ko ikasleekin bi topaketa antolatu dituzte, bata 10:00etan eta bestea 18:00etan. Ostiralean, berriz, 12:00etan Kolorearekin talde artistikoarekin elkarlanean entsegu irekia egingo du Kukaik.

Egun berean, ostiralean 19:30ean Gipuzkoan lehen aldiz estreinatuko da Jotamentala dokumentala. Aurreko astean Bilbon estreinatu zuten dokumentala eta aste honetan Niesseneko auditoriumera helduko da. Aiko taldearekin elkarlanean antolatu dute estreinaldia, eta “jotari, erabateko dantzari, omenaldia eskaintzen dion dokumentala” dela azaldu dute. Larunbatean familien txanda izango da, “dantza familian” ikastaroa egingo dute Oarso Irriak-ekin batera. 11:00etan Martxel Rodriguez Oskara ikuskizuneko dantzariak tailerra eskainiko du.

“Antzoki txikia, plaza handia”

Kukai Dantzaren azken lanaren estreinaldiarekin emango diote amaiera asteari igandean. Dantzariak oso pozik daude ikuskizunak Arriaga antzokian eta Vitoria Eugenian izandako harrera beroarekin. Gogotsu daude ikuskizuna euren herrian estreinatzeko. Niessen “antzoki txikia, baina plaza handia” dela esan du Alain Maya dantzariak. Izan ere, Niessen kulturgunea antzoki txikia da aurreko biekin konparatuta, baina etxean arituko dira Kukaiko kideak, lagun eta herritarren aurrean. Antzokiaren baliabideak direla eta, ikuskizuna pixka bat moldatu behar izan dutela azaldu dute gaurkoan.

Guztira 284ko aforoa egongo da igandean eta Canok esan du 200 sarreratik gora saldu direla dagoeneko. Horregatik, ikuskizunaz gozatu nahi duten herritarrei “arin” ibiltzeko deia egin die.

Ikuskizunaren abiapuntua euskal folklorea, mitoak, ikurrak… direla azaldu dute. Baina horiek deskontestualizatuta agertuko dira. Bi espazio ezberdin, bi begirada ezberdin batzen ditu ikuskizunak, kultura tradizionala eta “egungo abangoardiazko artisten ikuspegia”. Azaldu dutenez, Kukairen orain arteko lanetatik oso ezberdina da Oskara.

Teaser-a: