AISA, herritar etorri berrientzako hastapeneko euskara eskolak Oarsoaldean

AISA1Oarsoaldeko Euskara Batzordeak herritar etorri berrientzako hastapeneko AISA euskara eskolak antolatu ditu eskualdeko lau herrietan udal euskaltegiekin eta AEKren euskaltegiekin elkarlanean. Oarsoaldeara munduko gainerako herrietatik etorri berri diren eta herri horietan erroldatuta dauden 16 urtetik gorako herritarrei zuzenduta dago.

Euskarazko lehen hurbilpena egin nahi da ekimen honekin. Eta modu honetan euskaltegietako hurrengo urratsak emateko bultzada erraztu. Ikastaroa laburra izango da, 60 ordukoa. Martxoaren 1ean hasi eta ekainaren 23an bukatuko da eta astero lau ordu emango dira. Astean bi orduko bi saio jasotzeko aukera egongo da, edota larunbat goizetan lau orduko saioa egitekoa. Eskolak eskualdeko udal euskaltegietan eta AEKren euskaltegietan emango dira, baina lekua aldatzeko aukera ere egongo da, hala nahi bada.

Izen ematea

Izen emateko aukera astelehenean ireki zen eta otsailaren 29ra arte egongo da aukera. Horretarako nork bere herriko Udalaren euskara zerbitzura joan beharko du:

    • Errenteriako Euskara Zerbitzua 943 449 613 (Herriko enparantza z/g)
    • Lezoko Euskara Zerbitzua 943 513 476 (Donibane kalea 2)
    • Oiartzungo Euskara Zerbitzua 943 493 842 (Fermiñene etxea. Aialde, 3)
    • Pasaiako Euskara Zerbitzua 943 004 330 (Euskadi etorbidea 61)

Matrikularen prezioa 5 eurokoa izango da. Eta matrikularen kostuari aurre egiteko laguntzei buruzko informazioa galdetzeko gomendatu dute antolatzaileek. Gainera, ikasturte amaieran, ikasturtearen “aprobetxamendu egokia egin duten ikasleek” ikastaroa egin izanaren agiri bat eskuratuko dutela jakinarazi dute.

Era berean, haurtzaindegi zerbitzuaren berri eman dute. Eta azaldu dute Aisa ikastaroetan parte hartuko duten gurasoentzako eskola orduetan doako haurtzaindegi zerbitzua eskaintzeko aukera aztertuko dela kasu bakoitzean.

AISA_Kartela