Eskola kiroleko argazki erakusketa Galtzarabordako kiroldegian

eskola_kirola_erakusketaDagoeneko ikusgai dago Galtzarabordako Udal Kiroldegiaren sarreran eskola kiroleko argazkiak biltzen dituen erakusketa. Apirilaren 20ra bitarte egongo da bertan eta urte honetan zehar egingo diren erakusketen arteko lehena da. Erakusketako argazkietan herriko neska-mutilak eskola kiroleko jardunaldi ezberdinetan parte hartzen ikus daitezkeela adierazi dute erakusketaren antolatzaileek.

Udalak gogorarazi du Eskola Kirola ikasleek eskola ordutegiz kanpo baina eskolaren ardurapean helburu hezitzaileekin egiten duten jarduera fisikoen eta kirolen multzoa dela, zeinak kirol hastapena helburutzat duen. “Eskola Kirola jarduera hezigarria da, gozagarria eta giro euskaldun batean gauzatzen dena”, gaineratu du.

Oarsoaldean eskola kirola eskualdeko udal guztiek antolatzen dute eta proiektu honetan honako ikastetxeek hartzen dute parte: Errenteriakoak (Bizarain Ikastola, Gamon ikastetxea, Gurutzeko Alabak ikastetxea, Koldo Mitxelena ikastetxea, Orereta Ikastola eta Telleri ikastetxea), Lezokoa (Lezo Herri Eskola), Pasaiakoak (Karmengo Ama ikastetxea eta Pasaia Lezo Lizeoa) eta Oiartzungoak (Elizalde Herri Eskola eta Haurtzaro Ikastola).

Erakusketa sorta

2016.urtean erakusketa ezberdinak antolatuko ditu udalak kirolari dagokionez. Eskola kirolarena sorta honen lehenengoa izango da. Aurrerago hiru erakusketa gehiago egitea aurreikusi dute. “Errenteriako klub federatuak”, “Kirola denontzat” eta “Kirol probak eta kirola kalean”.