Hiru dimentsiotako koloretako besoa, Unairen ilusio

Unaik jaso zuen besoa
Unaik jaso zuen besoa

Azken egunotan Euskal Herriko zein espainiar estatuko komunikabideetan bolo-bolo ibili da Galiziako haur batek 3Dko protesia Don Boscon jaso duela kontatzen duen albistea. Ez da gutxiagorako, izan ere, 9 urteko Unai Blanco galiziarrak berak imajinatutako protesia hartu zuen: koloretako beso arina, plastikozkoa, gailu elektronikorik behar ez duena.

Iazko azaro amaieran hasi zen dena. Don Bosco Lanbide Heziketako zenbait ikaslek Bilbon ospatu zen “Maker Faire” ferian parte hartu zuten. Bertan elektronika departamenduko hainbat ikaslek “Enabling the future” proiektua aurkeztu zuten. Mundu mailako proiektu hau bolondres talde batek osatzen du. Eta 3D inprimaketaren bidez esku eta beso protesiak egiten dituzte. Unairen amak aurretik entzuna zuen 3Dko besoen inguruan, baina Bilbon ospatutako feria honetan egin zuen Don Boscorekin lehen kontaktua.

Pertsonalizatutako besoa

Horrelako 3D inpresora batean egin zuten Unaieren besoa (argazkiko besoa lagin bat da)
Horrelako 3D inpresora batean egin zuten Unaieren besoa (argazkiko besoa lagin bat da)

Bilbon bertan Unaik Don Boscoko arduradunei enkargua pasa zien, eta besoa nolakoa izatea nahi zuen esan zien. Proiektuaren atzean ibili den Don Boscoko Karlos Lizarbe irakasleak azaldu du ahal den neurrian Unaik eskatutakoa betetzen saiatu direla. Behin amak besoa eskaneatuta bidalita, hori birproduzitzeko lanak hasi zituzten. Ohiko eredua haur baten tamainara moldatu behar izan dutela esplikatu du Lizarbek.

Horrelako beso bat egitea merkea omen da Lizarberen arabera. Orain Unaik bere beso berriarekin ohitu beharko duela ere esan du. Hasieran erraztasunez erabiltzea kostako omen zaio, baina denborarekin gauzak hartzeko baliagarria izango zaio. Pitaz baliatuta eskuko hatzak ixteko sistema batez osatuta baitago besoa.

Ikasleak protagonista

Beso berria osatzen Xabi Carballo, Sergio Hurtado, Iñaki Peña eta Juan Miguez ikasleak aritu dira, Lizarbek lagunduta. Honek azpimarratu nahi izan du ikasleen lana boluntarioa izan dela. Oso pozik daude egindako lanarekin. Unaik zentroan bertan jaso zuen besoa, eta egindako lanak piztutako ilusioa bertatik bertara ikustea oso polita izan zela gaineratu du Lizarbek.

Ez zuten albisteak izan duen boom mediatikoa espero. Kontatu du honen harira beste lau eskaera jaso dituztela, eta ahal duten neurrian behintzat erantzuten saiatuko direla.