Txirrindularitza asteburua ospatuko da Errenterian martxoaren 4tik 6ra bitarte

Santesteban, Astarloza, Txasko, Lopez eta Urzelai
Santesteban, Astarloza, Txasko, Lopez eta Urzelai

ORTXEk (Oarasoaldeko txirrindularitza eskola), Laguntasuna kirol elkarteak eta Gurpil Artea Elkarteak, Udalaren babesarekin, txirrindularitza asteburua antolatu du martxoaren 4tik hasi eta 6ra bitarte. Hiru egun horietan txirrindularitza eta txirrinden munduarekin zerikusia duen jarduera programa zabala izango da herrian. Helburua txirrindularitza baita txirrindaren erabilera bera ere sustatzea da. Egitaraua aurkezten izan dira Niko Santesteban Laguntasuako kidea, Gorka Urzelai eta Aritz Lopez Gurpil Arteakoak, Mikel Astarloza OTXEren izenean eta Jon Txasko kiroletako zinegotzia.

Martxoaren 4an hasiko da asteburua KhuBikes txirrinda dendan bi dokumentalen proiekzioarekin. 20:00etan hasiko da emanaldia eta Premmier Euskal Herrian eta San Franciso Mash 2015 dokumentalak ikusteko aukera egongo da. Biak ala biak pinoi finkoari buruzko dokumentalak dira.

Urrezko Esprinta

Gold Sprint edo Urrezko Esprinta delako lehiaketa antolatu du Gurpil Artea Elkarteak. Martxoaren 5ean 19:30ean Reina Aretoan izango da eta ordu erdi lehenago egongo da izena emateko aukera. Lopezek azaldu duenez, errodilloak erabiltzen dira proba honetan eta parte-hartzaileak binaka lehiatuko dira bizikleta estatikoekin eta 250 metroko esprintak egin beharko dituzte. Sailkatzen joan beharko dute, kanporaketa moduan, eta buruz burukora heltzen diren biek 500 metroko esprinta egin beharko dute lehiaketa amaieran. Lopezek esan du pantaila bidezko neurketa sistema bat egongo dela eta, beraz oso bisuala izango dela.

Lasterketak

Martxoaren 5ean ere, 16:30ean Fanderia etorbidean, Alebin eta Infantil mailako neska-mutilen errepideko lasterketa izango da Laguntasunak antolatuta. Pasealekuan bertan hainbat itzuli eman beharko dituzte txirrindulariek. Igandean, berriz, OTXEren eskutik, goizeko 11:00etan San Marko Gotorlekuan mendi bizikleta edo Mtb txapelketa izango da. 09:00etan zabalduko da izena emateko aukera Gotorlekuan bertan. Jakinarazi dutenez kategoria ezberdinetako neska-mutilek parte hartzeko aukera izango dute, alebinak, haurrak, emakumezko kadeteak, juniorrak, masterrak, 23-azpikoak eta emakumezkoen elitekoak, besteak beste. 13:30ean sari banaketa izango da, hain zuzen, Open Euskaldi Mendi Bizikletako Errenteria Saria banatuko dute eta gainera proba Euskadiko Txapelketarako puntuagarria izango da. Sari banaketaren ostean pintxo-potea izango da gotorlekuko terrazan.

Laguntasunak antolatutako Gazte mailako Errenteriako Hiria XXXIII.Txirrindularitza Sariak emango dio amaiera txirrindularitza asteburuari. Proba hau igandean 16:30ean izango da. Hasiera eta helmuga Agirre Lehendakari plazan izango dela azaldu dute eta txirrindulariek 77km-ko ibilbidea egin beharko dute. Esan dutenez, “luxuzko parte-hartzea” espero dute.

Herritar guztiak animatu nahi izan dituzte prestatutako ekintzetan parte hartzera. Txaskok esan du txirrindularitza, edota txirrinda kirola izatetik haratago doala, mugikortasunean, ingurumenean eta osasunean eragina baitu.