Gure ibaien osasuna: Oiartzun ibaiaren egoera ekologikoa neurrizkoa eta hobetzekoa; Urumearena, berriz, ona

Ingurumena | Jasangarritasuna 2016-02-26 | 0

Oiartzun_ibaiaUraren Euskal Agentziak (URA) EAEko ur-masen egoera ekologikoa aztertzen duen txostena argitaratu du. Bertan, EAEko arro hidrologikoetako ibai bakoitzaren egoerak azken urteotan nolako eboluzioa izan duen islatzen da. Gure kasuan, Errenteriako 3.200 hektareak ia erdibana partekatzen dira hegoaldean kokatutako Urumea ibaiaren arro hidrografikoren eta iparraldean kokatutako Oiartzungoaren arroaren artean.

Oiartzun ibaiaren arroaren kasuan, txostenak adierazten duenez, ibaiak hobekuntza nabaria izan du azken urteotan burututako jarduerei esker: saneamendu-lanak; kontrolik gabeko industria isurketen murrizketak; ibaietako habitaten ingurumen berreskurapena (haltzadiak) eta presak ezabatzea; eta atlantikoko izokina Errenteriara itzultzea. Halere, Uraren Esparru Zuzentarauak (2000. urtea) zehaztutako betebeharrekin bat, 2014an ez ibai honek ez bere estuarioak ez dute “egoera ekologiko ona” maila lortu, naiz eta adierazleen balioak mugan aurkitu eta puntualki egoera oneko maila gainditzen duten. Aipatu beharra dago, Arditurriko meatze zaharretik (Oiartzun) oraindik ere zenbait metal astun (kadmioa, zinka,…) isurtzen direla, nahiz eta ekarpen hauek gutxituz joan diren azken urteotan.

Bestalde, Urumearen unitate hidrologikoak egoera ona du lurgaineko ur-masa guztietan, bai ibaiko masetan, bai Añarbeko urtegian, estuarioan eta lotutako kostaldeko masan. Izan ere, UEZen eskakizunak ur-masa guztiek betetzen dituzten Kantauriko arroa barra da. Bereziki adierazgarria da arro honetan izandako bilakaera ona: egoeraren eraldatze larriak gertatzen ziren bai ibaiaren amaierako zatian bai estuarioan eta itsasoan ere inguru honetako hiri-aglomerazioaren hiri- eta industria-isurketen ondorioz. Isurketak progresiboki araztegira bideratu izanak, itsaspeko hustubidea eraiki izanak eta tratamendua hobetu izanak aukera eman du egun ez izateko eraldatze nabarmenik ia.

Oiartzun ibaia – Urumea ibaia

Oiartzun eta Urumea ibaien arroetan EAEko biztanleen %13,1a bizi da. Populazio-dentsitate altuko eremuak dira, biztanleak bereziki ibai-bazterretan, estuarioetan eta itsaso bazterrean kokatuz:

Unitate Hidrologikoa Biztanleak 2014 EAEko bizt % Bizt. dentsitatea bizt/km2 Azalera km2
Oiartzun 72.287 3,3 842,7 85,78
Urumea 212.001 9,8 1.535,1 290,8

Gipuzkoako ipar-ekialdea Iberiar Penintsulako eremurik euritsuenetakoa da eta, ondorioz, bertako ibaien azalera unitateko emariak altuak izaten dira. Oiartzun ibaiaren bataz besteko emaria 92,3 hm3an aurkitzen da. Halere, badira urteak, 2012/13 epealdia, adibidez, non emariek bataz besteko historikoarekin alderatuz balio bikoitza hartu zuten. Urumeak ere, epealdi berean, bataz besteko historikoa (410,2 hm3) baino %50 ekarpen handiagoa izan zuen.

Unitate Hidrologikoa 2009-10 2010-11 2011-12 2012-13 2013-14 Bataz bestekoa
Oiartzun 99,6 107,1 118,3 190,2 150,6 92,3
Urumea 308,6 341,8 372,5 592,5 525,3 410,2

2009/2010 eta 2013/2014 urte hidrologikoetako ekarpenak (Hm3), eta 1980-2010 epealdiko bataz bestekoa.

Iturria: URA, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Kantauriko Ur-Konfederazioa

URAren txostena (2015) 

No comments yet.

Utzi erantzuna