Saharar Herriarekin duen “konpromiso tinkoa” erakutsi du Udalak

tindouf
Tinduf (Aljeria), Saharako errefuxiatu-kanpamendua

Bihar, otsailaren 27a, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa (SEAD) aldarrikatu zela 40 urte beteko dira, egun hori aitzakiatzat hartuta Errenteriako Udalak Saharar Herriari duen “konpromiso tinkoa” erakutsi dio. Udalak bat egin du gertakari historiko horrekin eta horren harira adierazpen instituzionala egin du.

Udalak, ACNURek emandako datuak aipatuz, gogorarazi du iazko urrian izandako uholde-euriek 90.000 lagun baino gehiagori eragin zietela, eta horietako 25.000k etxea galdu eta jakirik gabe geratu zirela. Era berean, Udalaren arabera, “Marokoko Gobernuak saharar herritarren artean egindako bortxazko desagertzeei eta bonbardaketei buruz” froga berriak ekarri dituzte Euskal Herrian egin diren hainbat ikerkuntzek.

Egoera horrek eraginda, Udalak SEADeko “gobernu legitimo” eta Fronte polisarioa errekonozitzen dituela berretsi du. Eta honekin batera Saharar Herrian duen autodeterminatzeko eskubidea aldarrikatu du. Gainera, Tindufen (Aljeria) babestuta dauden errefuxiatu-kanpamenduetan, baita Marokok “legez kontra okupatutako lurraldeetan” lan egiteko konpromisoa berretsi du Udalak. Modu berean, bihar udaletxeko balkoiean Sahara Askatu lelopean bereizgarri bat jarriko dutela jakinarazi du.

Espainiako Gobernuari eta Marokori eskaera

Fronte Polisarioaren Espainiako Ordezkaritzari estatus diplomatikoa emateko eskatu dio Udalak Espainiako Gobernuari. Gainera, honi eta baita nazioarteko komunitateari eskatu die konponbide zuzen eta behin betiko baten bidean beharrezko ekimen politikoak bultzatzeko, erreferendum baten bidez. Erantzukizun historikoa bere gain hartzeko ere eskatu dio.

Bide berean, Marokoko agintariei eskatu die saharar aktibisten aurkako jazarpenarekin amaitzeko, preso politikoak askatzeko eta desagertutako 400 saharar baino gehiagoren patua argitzeko.