“Konplize ditut eta…” diskoa aurkeztu du Landarbaso abesbatzak

Tolaretxipi eta Ion Collar diskoaren aurkezpenean
Tolaretxipi eta Ion Collar diskoaren aurkezpenean

Landarbaso Abesbatzak 25 urte bete dituen honetan, bere azken lana kaleratu berri du, “Konplize ditut eta” diskoa, hain zuzen ere. Diskoa ezagutzera emateko martxoaren 5ean, larunbata, 20:00etan kontzertua eskainiko du Donostiako Victoria Eugenia Antzokian, Iñaki Tolaretxipi abesbatzako zuzendariak zuzenduta. Diskoa artista ugarirekin batera osatu du Landarbasok eta Euskal Herriko izen ezagun asko izan dira lan honen “konplize”.

Besteak beste, Iñaki Salvador, Mikel Markez, Golden Apple Quartet, Amets Arzallus, Joxan Goikoetxea, Amaia Zubiria, Urval ensemble, Santi eta Otxi (Les Fous), Kaabestri, Xabier Solano edota Ana Urrakak hartu dute parte “Konplize ditut eta” diskoan. Abesbatzaren hitzetan, “artista hauek, euren estilo desberdinekin, berrikuntza eta sorpresaz beterik osatutako proposamen musikala eskainiko dute azken lan honetan”.

“Kolore eta proposamen musikal anitza”

Landarbasoren arabera, “kolore eta proposamen musikal anitzez” gozatu ahal izango da larunbateko kontzertuan zein diskoan. Jazza, klasikotasuna, bertsoak, kalitatezko musikaz beteriko umorea, erritmoa, emozioa… elementu ugari uztartzen dituen lana da euren hitzetan,eta horrek egingo du berezi larunbateko emanaldia. Gainera, “gitarran, biolinean, txeloan, perkusioan, pianoan etab. ariko diren maila goreneko bakarlariak” ere izango dira. Baina hori bai, larunbateko protagonista nagusia, nola ez, Landarbaso Abesbatza bera izango da.

Abestien moldaketa guztiak, erabateko estreinaldian, “luxuzko konpositoreek” egin dituztela esan dute: Iñaki Salvador, Joxan Goikoetxea, Josu Elberdin eta modu berezian Iker Gonzalezek.

Diskoa larunbatean jarriko dute salgai Victoria Eugenian bertan 15 euroren truke.