Astelehenean irekiko da aurtengo Udako Oporretan izena emateko epea

Narbarte, Azpeitia eta Ostolaza
Narbarte, Azpeitia eta Ostolaza

Eguraldiak besterik badio ere, laster negua atzean utziko dugu eta uda gerturatzen ari da pixkanaka. Eta aurten, urteroko moduan, Errenteriako haurrek Udako oporretan, udalekuetan zein kanpamenduetan, parte hartzeko aukera edukiko dute uztailean. Izena emateko epea datorren martxoaren 7an, astelehena, irekiko da eta martxoaren 18ra bitarte egongo da zabalik. Horren berri eman dute Ibar Narbarte Udaleko aisialdiko koordinatzaileak, Pili Azpeitia Hezi Zerb elkarteko kideak eta Itziar Ostolaza gazteria zinegotziak.

Egongo diren eskaintza ezberdinen gaineko informazioa eman dute. Alde batetik, Txikiak eta Udalekuak programak izango dira, eta bi txandatan ekainaren amaieratik uztailaren amaiera arte luzatuko dira. Bi programa hauetako inskripzioa irekia da, ez da zozketarik izango eta izena eman duten haur guztiek izango dute modalitate horietan parte hartzeko aukera. Bestetik, Beirera eta Lousadara (Portugal) kanpamenduak ere antolatu dituzte pasa den urteetan bezala. Azken hauetan, ordea, kanpamendu bakoitzera gehienez 50 lagun joan daitezke eta, beraz, zozketa egingo da. Ostolazak adierazi du kanpamenduetan inoiz parte hartu ez dutenek lehentasuna izango dutela.

Era berean, aurten ere Lousadatik zenbait gazte Errenteriara etorriko direla ere aipatu dute. Herriko gazteekin elkartzeko aukera izango dute uztaila erdialdean Portugaleko gazteek. Bestalde, behar bereziak dituzten haurrei arreta emateko begiraleak kontratatuko direla jakinarazi dute.

Hobariak

Txikiak programaren kasuan, 40,50 euroko kostua izango du eta Udalekuak-en kasuan, berriz, 50,50€. Kanpamenduetarako 202€ ordaindu beharko dira. Halere zenbait deskontu egongo dira. Familia ugarietako haurrek %50eko deskontua eta seme-alaba bat baino gehiago izena ematen duten familiek %20koa.

Izena ematea

Izena emateko Gazte Informazio Bulegoan (Merkatuzar) ematen duten inprimakia bete eta bertan aurkeztu behar da. Baina aurten, familiei lana errazteko asmoarekin, interneten eskuragarri jarriko dute inprimakia astelehenik aurrera (http://gaztebulegoa.errenteria.eus/UdakoOporrak helbidean). Bulegoak honako ordutegia dauka: goizez 09:30etik 14:00etara eta arratsaldez 16:30etik 19:00etara (ostiral arratsaldean itxita).

Herriko haurrak eskaintza hauetan parte hartzera gonbidatu dituzte gaurkoan. Iaz guztira 800 bat haurrek parte hartu zuten Udako Oporretako eskaintzetako batean.

[button link=”http://herribizia.errenteria.eus/app/uploads/sites/2/2016/03/Udako-oporrak-2016.pdf” bg_color=”#d15e00″]Triptikoa[/button]