Miren Azkarate eta Iñaki Otegi VI.Mariasun Landa Sarietan garaile

f
Saridunak eta lanetako protagonistak Landa, Rubio eta Mendozarekin

Miren Azkarate Badiolak eta Iñaki Otegi Gelbentzuk eskuratu dituzte VI.Mariasun Landa Sariak. Errenteriako Udalak Berdintasunerako Kontseiluaren babesean antolatutako sari horien helburua da Jendarteko arlo anitzetan emakumeek Errenteriari egindako ekarpenen berri emango duten idazlanak sustatu, aitortu eta saritzea.

Larunbat goizean Xenpelar etxean izan zen sari banaketa eta Oihane Yustos kazetariak bideratutako ekitaldian parte hartu zuten, besteak beste, Julen Mendoza alkateak eta Mariasun Landa idazleak. Sorkun Rubio abeslari errenteriarrak eman zion hasiera eta amaiera ekitaldiari emanaldi txiki batekin.

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Emakumezkoen Begirada Lanik Onenaren Saria Azkaratek eskuratu zuen “Zu zarelako gara gu” lanarekin. Bertan bere izeba-amona Rita Azkarateren bizipenak jasotzen ditu, 1936ko Gerra dela eta sufritu behar izan zituenak ezagutzera eman ditu. 94 urte dituen Rita bera ekitaldian izan zen. Saria eskuratzerakoan, Azkaratek azaldu zuen bi aldiz zapaldua izan den emakumearen testigantza jaso nahi izan duela, eta bere lanak nolabait gerra jasan behar izan zuten emakume horien aitortza izan nahi duela. Izan ere, Azkarateren hitzetan gerraren kontakizuna beti irabazleak eta gizonezkoak egiten du.

Iztieta auzoari ekarpena

Emakumezkoei Begirada Onena Saria, berriz, Iñaki Otegik eskuratu du “Xebas Gelbentzu, auzo baten nortasuna eraikitzen” bere amari buruzko lanagatik. Gelbentzu Oiartzunen jaio zen baina 50 urte baino gehiago dira Errenterian, Iztieta auzoan bizi dela. Otegik Gelbentzuk herrigintzan, auzoari egindako lana goraipatu nahi izan du lan honekin. Izan ere ,Iztietako auzo elkarteko sortzaileetako bat izan zen, auzoan kultura dinamizatzen aritu da eta baita hori euskalduntzen. Gelbentzuk aitorpena pozez jaso bazuen ere, ez zuela espero aitortu zuen.

Aipamen bereziak

Aurkeztutako beste bi lanek aipamen berezia jaso zuten larunbatean. Batetik, Rufina Mikelarenari buruzkoak, eta bestetik, “Un alma castellana” Araceli Lopez Arevalori buruzkoak. Mikelarenak ere gerra zibilaren ondorioak jasan behar izan zituen.

Bi irabazleek 350€ jasoko dituzte, eta gainera, saritutako lanak 2016ko Oarso aldizkariak argitaratuko dira.