Hamarnaka lagunek bat egin zuten Oarsoaldeko mugimendu feministak deitutako manifestazioarekin

Martxoak8(2)Martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna, izan zen atzo eta emakumeen borrokaren aldarriak Errenteriara ere heldu ziren. 17:30ean auzoetako emakume elkarteetako kideek jaialdia eskaini zuten jendez lepo zegoen Galtzarabordako kiroldegian. Euren ikuskizunean historian zehar izan diren emakume ezagunak irudikatu zituzten, dantza eta antzerkia uztartu zituen jaialdian.

Hori amaituta, hamarnaka lagunek bat egin zuten Oarsoaldeko mugimendu feministak deitutako manifestazioarekin. “Emakumeentzat bakea noiz?” lelopean Galtzarabordako kiroldegi aurretik abiatu zen manifestazioa 19:30ean. Herriko kaleak emakumeen borrokaren aldeko mezuz eta aldarriz bete ostean, manifestazioa Herriko plazara, amaiera heldu zen.

Gamon Zumarditik sartu zen manifestazio burua Herriko Plazara eta bertan zenbait gizon zain zeuden borroka feministarekin bat egiten zutela aditzera ematen zituzten kartelak eskuan zituztela. Mobilizazioari amaiera emateko, eskualdeko emakume ezberdinek, baita mutil batek ere, hamaika istorio labur irakurri zituzten. Eta jarraian, Uxue Alberdiren hitzez eta Mikel Markez errenteriarraren musikaz osatutako “Konplize ditut eta” abestia kantatu zuen emakume batek.