“Emakumeen lege iraultzailea” argazki erakusketa ikusgai dago Xenpelar Etxean

Zapatistak_erakusketa1Martxoaren 8aren bueltan antolatu du Udalak “Emakumeen Lege iraultzailea” argazki erakusketa. Atzo ireki zituen ateak eta martxoaren 31ra arte izango da Xenpelar Etxean zehar. Gainera, erakusketaren azken egunean, martxoaren 31n, “Txiapas: Zapatisten borroka. Emakumeen legea. Brigadisten lana” hitzaldia eta bisita gidatu irekia izango dira. Hauek 19:00etan Lumaltik Herriak elkarteko kide baten eskutik izango dira.

Hain zuzen ere, Lumaltik Herriak elkarteari, Bizi Lur lankidetzarako eta garapenerako erakundeari eta Euskal Brigadistak Txiapasekiko elkartasun plataformari esker sortu zuten lan hau.

Hamar panel

Azaldu dutenez, argazki “esanguratsuak eta koloretsuak” hamar paneletan jasoak izan dira. Horiek Mexikon (Txiapas) 1993an Nazio Askapenerako Armada Zapatistak (EZLN) elaboratu eta idatzi zituen legeak jasotzen dituzte. Udalaren arabera, modu grafiko eta ikusgarrian ikusi ahal izango da Ramona eta Susana komandanteak eginiko indar-eskaerari esker, emakume indigena eta iraultzaileek onartzea lortu zuten eskubideen legea.

Erakusketa astelehenetik larunbatera bitarte 17:00etatik 20:00etara egongo da zabalik.