Kirol materialean zein kirol instalazioetan zenbait inbertsio egingo ditu Udalak

Beraun_pistakErrenteriako Udalak jakinarazi du datozen asteetan hainbat inbertsio egingo direla kirol-materiala erosi eta kirol-instalazioetan birgaitze-lanak egiteko. Udalaren arabera, inbertsio horien bitartez alde batetik, zerbitzua etengabe hobetzeko konpromisoa mantendu nahi du. Eta bestetik, herritar guztiek kirol instalazioetara hurbiltzeko aukera erraza izatea bermatu nahi du.

Batetik, jakinarazi dute orain arte erabilera publikorako itxita egon den 7-futbol-zelaia erabilera publiko espazio gisa erabiltzeko proiektua idazten ari dela Udala. Leku horretarako aulkiak erosiko dira, oraingoak hautsita daudelako eta gainera instalazio hori eta kirol gune horretako tenis pistak ibaiaren parean dagoen bidegorriarekin lotzea aurreikusi dute. Proiektu berean, Touring zelaiaren itxitura sendotzea ere aurreikusi du Udalak.

Instalazioen hobekuntzak

Bestetik, Beraungo futbol zelaian arkupe bat eraikiko dute estadioko sarrera estaltzeko, familiarrek zein zaleek hurbiltzeko aukera izan dezaten. Fanderiako igerilekuan ere, 25 metro luzera duen estalpea eraikiko dute, instalazio horietan egoten diren ikusleak eguraldi txarrez babesteko.

Beraungo auzoan ere erabilera publikoko Beraun kaleko (Jose Maria Usandizaga, atzea) pilotaleku txikiaren egitura zabalduko dute metalezko egitura baten bitartez. Izan ere, gaur egun euria egiten duen egunetan instalazio hori erabiltzeko aukerarik ez dago.

Beste proiektu bat ere enkargatu dute Galtzarabordako Kiroldegiko teilatua erabat berritzeko. Eta azkenik, jakinarazi dute Beraungo Erabilera Anitzeko Pistan azken lanak egingo direla jarduera lizentzia lortzearren.