Larunbatean “II.Xuxa Urkiaren oroimenezko batel estropada” ospatuko da Errenterian

Artxibo irudiaBeste urte batez Hibaika Arraun Elkarteak batelen estropada antolatu du datorren larunbaterako, martxoak 19. 12:00etatik aurrera Oiartzun ibaian jokatuko da Gipuzkoako Batelen Ligako 11.jardunaldia. Estropada kategoria guztietan burutuko da, infantiletik seniorreraino, bai gizonezko kategorietan bai emakumezkoetan.

Zumardiko lehenengo zubitik Iztietako pasealekuaren bukaeran kokatutako oinezko zubiraino izango da. Eta erlojuaren kontrako modalitatean egingo da. Gutxi gorabehera hiru orduko iraupena izango du.

“Zitari ez hutsik egin”

Hibaikako kideek ibaiaren ingurura gerturatzeko deia luzatu diete herritarrei, “arraunaren ikuskizunarekin gozatu ahal izateko”. Klubaren iritziz, hainbat arrazoi daude “zitari hutsik ez egiteko”. Alde batetik, horrelako estropada bat antolatzeak dakarren giza kostua eta ekonomikoa aipatu dute. Beste alde batetik, gogo-faktorea izan dute kontuan. Izan ere, herrian bertan lagun eta senideen aurrean arraun egin dezaketen aldi bakarretakoa da larunbateko estropada. Era berean, gaineratu dute klub ugaritako kategoria guztiek lehiatzen duten estropada dela.

Hori dela eta, espero dute, eta nahi dute, Oiartzun Ibaiaren ingurua jendez eta txaloz betetzea.

Denboraldi ona

Adierazi dutenez, talde femeninoa dira klubera bandera eta “poz” gehien eramaten ari direnak, bereziki infantil kategoriakoak. Gainera, aipatu dute talde maskulinoei dagokienez, behe mailako kategoriak lan “oso polita eta ona” egiten ari direla, nahiz eta azpimarratu duten talde esanguratsuena senior maskulino kategoriakoa dela.

batel estropada kartel