Udalak % 82 jaitsi ditu establezimenduak jarri eta irekitzeko tasak

Biteri_kaleaOsteguneko osoko bilkuran onartu zen udal-gobernuak ordenantza fiskalak aldatzeko egindako proposamena. Alde batetik, onartu zen %82 jaistea establezimenduak jarri eta irekitzeko lizentziaren edo aldez aurretik komunikatu beharreko jardueren gaineko tasa.

Udalak azaldu duenez, ogasun saila egoera aztertzen ari zen bitartean, herritarrek eskaera egin dute tasa horiek berrikus daitezen. Udalaren iritziz, “egungo krisi ekonomikoak eragin negatiboa izan du oro har merkataritzako jardueretan eta, bereziki, udalerrian”. Hori dela eta, “merkataritzako sektoreak pairatzen duen eragin hori arintzeko”, zenbait neurri ezartzea da Udalaren asmoa. Torrekuan inauguratu berri den Habian! proiektuaren ildoari eutsiz, eta tokiko ekonomia sustatu eta jarduera ekonomikoa erraztu nahi ditu Udalak neurri horrekin.

Tasen aldaketa honekin sailkapen berria egingo da azalerak kontuan hartuta eta tasak jaitsiko dira. Jaitsiera horren zenbait adibide ere jarri ditu Udalak. Esaterako, lizentzia behar duten jarduerengatik 673,35€ ordaintzen zuten 50 m2 arteko establezimenduek, eta hemendik aurrera 100€ ordainduko dute. Aldez aurretik komunikatu beharreko jardueretarako, 50 m2 arteko establezimenduetan, 561,50 € beharrean 100 € ordaindu beharko da.

Aldaketa horiek medio, Udalak aurreikusi du urtean 48.000 € gutxiago bilduko direla. Alabaina, ekimena sustatzea eta jarduera ekonomikoa laguntzea denez helburua, “epe luzerako aberastasuna sortzeko baliabide gisa” ikusten du Udalak ahalegin hau.

Bestalde, 2016rako Ordenantza Fiskalak izozteko joera orokorrari eutsiz ─salbuespen gutxi batzuk izan dira─, atzo onartu zen 2016-2017 ikasturteko tasak izoztea “Errenteria Musikal” musika-eskolarako.