Zapatisten “Emakumeen Lege iraultzailea” erakusketa bisitatzeko, azken egunak

ZapatistakMartxoaren 8aren bueltan antolatu zuen Udalak “Emakumeen Lege iraultzailea” argazki erakusketa. Martxoaren 14an ireki zituen ateak eta martxoaren 31ra arte izango da Xenpelar Etxean zehar. Gainera, erakusketaren azken egunean, martxoaren 31n, “Txiapas: Zapatisten borroka. Emakumeen legea. Brigadisten lana” hitzaldia eta bisita gidatu irekia izango dira. Hauek 19:00etan Lumaltik Herriak elkarteko kide baten eskutik izango dira.

Hain zuzen ere, Lumaltik Herriak elkarteari, Bizi Lur lankidetzarako eta garapenerako erakundeari eta Euskal Brigadistak Txiapasekiko elkartasun plataformari esker sortu zuten lan hau. Erakusketa osteguna bitarte 17:00etatik 20:00etara egongo da zabalik.

Hamar panel

Azaldu dutenez, argazki “esanguratsuak eta koloretsuak” hamar paneletan jasoak izan dira. Horiek Mexikon (Txiapas) 1993an Nazio Askapenerako Armada Zapatistak (EZLN) elaboratu eta idatzi zituen legeak jasotzen dituzte. Udalaren arabera, modu grafiko eta ikusgarrian ikusi ahal izango da Ramona eta Susana komandanteak eginiko indar-eskaerari esker, emakume indigena eta iraultzaileek onartzea lortu zuten eskubideen legea.