Tratatu gabeko hondakinen erdia hartzeko erabakia birpentsatzeko eskatu dio Errenteriako alkateak San Markoseko presidenteari

Julen certusJulen Mendoza, Errenteriako alkateak gutun bat igorri dio San Markoseko presidenteari (Jaime Dominguez-Macayari). San Markos transferentzia gunean Txingudiko eta Urola Kostako mankomunitateetatik tratatu gabe datozen hondakinak hartzeko Hondakinen Kontsortzioak aurkeztutako eskaera dela-eta “kezkatuta” dagoela dio. Erabaki horren ondorioz San Markosera eramango dira Gipuzkoako biztanleen erdiak sortutako hondakin tratatu gabeak. Mendozak erabaki hau birpentsa dezan eta hondakinok beste nonbaitera eraman daitezen eskatu du.

Mendozak uste du errenteriarrak erabaki horren aurka daudela: eta, “bereziki Beraungo auzokoak, oraindik ere guztiek buruan baitaukate hainbat hamarkadetan zabortegia jasan behar izateak eragindako kaltea”.

San Markoseko mankomunitateak transferentzia beregain hartzen badu, ibilgailu astunen trafiko handia jasan beharko du Errenteriak ─astean 27 kamioi baino gehiago─. Ehunka bidaia egingo dituzte eta, ondorioz, errepideak hondatuko dira, trafikoa motelduko dute eta ingurumenean kalteak eragingo dituzte.

Mendozak azpimarratu zuen Lau Haizetako eremua espazio natural babestua dela, “Errenteriaren birika”. Bere esanetan, “parke natural hori bultzatu” nahi dute, “baina San Markos Mankomunitatearen erabakiaren erruz, aurkako bidea urratuko da”. Gainera, gogorarazi zuen Udalak iaz transferentzia gunea beste norabait eramatea eskatu zuela eta San Markos zabortegia behin betiko itxi zedila.

Errenteriako alkateak administrazio-kontseilua deitzea eskatu du eta Hondakinen Kontsortzioaren eskaera ez onartzea; hondakin horiek beste norabait bidali ditzaten nahi du Mendozak. Bere esanetan “Errenteriako biztanleak 30 urtean izan dira solidario Mankomunitateko gainerako udalerriekin. Ez da bidezkoa berriz ere elkartasunerako deia egin eta konpromiso hori onartzeko eskatzea”. Gaiari buruz hitz egiteko, aukera ezberdinak jorratzeko eta biltzeko prestutasuna adierazi zuen Mendozak.