Arrandegi eta harategietan sortutako hondakin organikoak kaleko Udal-zaborrontzietan uzteko debekua gogorarazi du Udalak

Arrandegi4Hainbat legedi arautzen dute gai hau: Errenteriako udalerrian hiri-hondakin solidoak bilketarako Udal-ordenantzaren bigarren aldaketa (2007), 1069/2009 (EB) Erregelamendua, eta 1528/2012 Errege Dekretua, non ezartzen den zer arau ezarri behar zaizkien animalien azpi-produktuei eta pertsonen kontsumorako ez diren produktu eratorriei.

Aipatutako lege hauetan oinarrituta, Ingurumen saileko Zinegotziak, Jose Cruz Legorburuk, gogora ekarri nahi du bederatzi urte direla txikizkako merkataritza alorrean hiri-hondakin solidoak biltzeko udal-zerbitzutik kanpo geratu zirela jatorri animaliako produktuen merkataritzak sortutako hondakin organikoak, bilgarriak eta kaxak, arrandegi, harategi nahiz salmenta edo banaketa merkataritzako establezimenduetakoak.

Ondorioz, arrandegiek eta harategiek zerbitzu pribatu bat behar izaten dute bertako hondakin organikoak eta horietarako erabiltzen diren bilgarriak bildu eta kudeatzeko.

Azkenik, berrikuntza gisa, Udalak jakinarazi du 2016ko Ordenantza Fiskaletan arrandegiek eta harategiek %20ko murrizketa izango dutela urteko zaborren tarifan, hau da, 297’69 eurotik 238’15 eurora.

Informazio gehiago http://ingurumena.errenteria.eus/ webgunean eskuratu daiteke.