Auzoetako argiak berritzen ari da Udala IDAEren finantziazioaren laguntzaz

Agustinak | Alaberga | Energia | Ingurumena | Jasangarritasuna | Kaputxinoak 2016-04-27 | 0

ArgiteriaBeraun600Errenteriako Udalari 430.200 euroko mailegu itzulgarria eman dio IDAEk (Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutua) hirigune historikoko, eta Kaputxinoak, Alaberga Goikoa eta Agustinak auzoetako argiak berritzeko, kaleko argi-instalazioak berritzeko IDAEk deitutako laguntza-programaren baitan.

Mailegu itzulgarriaren ezaugarria da Udalak ekarpen ekonomiko hori jasoko duela eta 10 urtean itzuli behar duela, interesik gabe. Hartara, argiak aldatuta lortuko diren aurrezki ekonomikoekin eta bestelako diru-laguntzekin 10 urtetan amortizatuta egongo da inbertsioaren zatirik handiena.

Egungo argiak aldatuta eta automatikoki erregulatzeko sistema jarrita energia-kontsumoa gutxitu nahi da. Teknologia horrekin argiak automatikoki piztu edo erregula daitezke, presentziaren arabera, eta LED teknologiako argiek balio-bizitza luzeagoa dutenez, energetikoki eraginkorragoak dira. Gainera mantenu gastua ere txikiagoa da.

Jarduketa hauekin aurrerapauso handia egingo da Errenteriako Energia Iraunkorrerako Ekintza-plana (EIEP) gauzatzeko bidean.

Urtean 27.300€ aurreztu

Guztira 717 argi aldatuko dira. Mantenu-kostuen aurrezkia kontuan izan gabe 27.342,99 € aurreztuko dira urtean. Eta era berean, urtero 195.313 Kwh energia aurreztu, eta  66,41 t CO2 gutxiago isuriko dira.

Gainera, mantenuan ere izango den aurrezkia kontuan hartuz gero, lehen 10 urteetan izango den aurrezkia, guztira, 300.000 € ingurukoa izan daiteke. Proiektuaren aurrekontu osoa 500.566,76 eurokoa da (BEZa barne).

Datozen bi urteetarako proiektuak

Argi guzti horien aldaketa 2017an amaitzea aurreikusi da. 2016an aldatuko dira argiak Kaputxinoetan eta Alaberga Goikoan eta 2017an, berriz, Hirigune Historikokoak eta Agustinetakoak. Behin obra amaituta aldaketaren gaineko azterketa egingo da, hutsuneak identifikatu eta horiei erantzun bat emateko.

Argiak aldatzeaz gain, Kaputxinoak eta Alaberga Goikoa auzoetan obra zibil berria egin behar da, instalazioak zaharkituak baitaude.

No comments yet.

Utzi erantzuna