Mendoza: “Gezurra da Estatuko abokatuak Fiskaltzari Pasaiko Portuko gertaeren berri emateko proposamenaren aurka bozkatu nuela”

julen_mendoza_inbestiduraJulen Mendoza Errenteriako alkateak prentsa oharra helarazi die hedabideei. Azken egunetan argitaratu dira Pasaiko Portuan izan diren zenbait lanen gainkostuari buruzko albisteak eta zenbait hedabidetan esaten zen Mendozak Estatuko abokatuak Fiskaltzari gertaera horien berri emateko egin zuen proposamenaren aurkako botoa eman zuela. Lonjako obretan atzemandako irregulartasunak Fiskaltzari ez bidaltzearen inguruko eztabaida apirilaren 5eko Administrazio Kontseiluan gertatu zen eta egun horretan Errenteriako alkateak ez zuen bilerara bertaratzerik izan, arrazoi pertsonalak medio. Beraz, ez zuen Portuko Agintaritzaren Presidentziaren aldeko botorik eman. Horrez gain, oraindik ez zaio egun hartan landutako gaien aktarik helarazi.

Prentsa-oharrean aipatzen da gertaera larri horien berri izan bezain pronto, Errenteriako alkateak Bozeramaileen Batzordea deitu zuela presaz eta Udaleko gainerako alderdi politikoei egoeraren berri eman ziela.

Gai konplexua da eta dokumentazio ugari hartu behar da kontuan. Hori dela-eta, Mendozak udal teknikariei txosten bat eskatu zien. Txosten hori egiten dutenean, han esandakoaren arabera jokatuko duela aurreratu du Mendozak eta horixe jakinaraziko diela Portuko Agintaritzaren Administrazio Kontseiluaren gainerako kontseilariei.

Hona testua, osorik:

Azken egunotan Pasaiako Portuaren arrantza-lonjan egiten ari diren obretan antzemandako irregulartasunen inguruan, prentsan jasotako informazioen aurrean, eta, zehazki, Errenteriako alkateak Estatuko abokatuak Fiskaltzari gertaera horien berri emateko egin zuen proposamenaren aurkako botoa eman zuela adierazten duten informazioen aurrean, honakoa adierazi nahi dugu:

– Lonjako obretan antzemandako irregulartasunak Fiskaltzari ez bidaltzearen inguruko eztabaida eta akordioa 2016ko apirilaren 5eko Administrazio Kontseiluan eman zirela. Saihestu ezinezko arrazoi pertsonalak zirela medio, Errenteriako alkateak ez zuen aipatutako eztabaidan eta ondorengo botaketan parte hartzerik izan. Hori horrela, ez da egia Estatuko abokatuaren proposamenaren aurkako botoa eta Portuko Agintaritzaren Presidentziaren aldeko botoa eman zuenik. Gaur egun arte, bilera horretako aktarik helarazi ez denez, botazioaren emaitzaz gain, ez dugu bertan landu ziren gaien berri izan.

– Gertaera larri horien berri izan bezain pronto, Errenteriako alkateak Bozeramaileen Batzordea deitu zuen presako izaeraz, Errenteriako Udaleko gainerako alderdi politikoei egoeraren berri emateko.

– Era berean, gai konplexu eta dokumentazio ugarikoa dela kontuan izanda, Errenteriako alkateak udal teknikariei txosten bat idatzi zezaten eskatu zien. Gaur egun, txosten horren zain dago.

– Aurrerantzean, Errenteriako alkateak Udal teknikariek emandako txostenean jasotakoaren arabera jardungo du, eta hori bera jakinaraziko die Portuko Agintaritzaren Administrazio Kontseiluaren gainerako kontseilariei.