Larunbat honetan Konpostaren I. Festa izango da Agustinetako gunean

KonpostFestaKonposta ateratzear dagoela aitzakia hartuta, Konpostaren I. Festa antolatu du Errenteriako Udalak maiatzaren 7an. Hitzordua Agustinetako konpostagunean, 11:00etan, izango dela aurreratu du Jose Cruz Legorburuk, Udaleko Ingurumen-zinegotziak. Bertan, konposta nola atera ikusi eta nola erabili daitekeen erakusteaz gain, gaiarekin lotuta egon daitezkeen zalantzak argitzeko baliagarri izango da. Horretaz gain, ateratzen den konposta erabiltzaileen artean banatuko da.

Ekimen hau auzokonpostan parte hartzen dutenei zuzendua badago ere, interesa izan dezakeen edozein herritarri irekia dagola azpimarratu du Jose Cruzek. Errenteriako biztanleen laguntzarekin sortutako biohondakinak Errenterian bertan kudeatuz, hondakinen sorrera prebenitu, hondakinen bilketarako udal-gastua aurreztu eta ingurumenari mesede egitea lortzen ari direla gaineratu du zinegotziak.

Bi urteko lanaren emaitza

Jada bi urte beteko dira Errenteriako Udalak auzo-konpostaren udal-programa abian jarri zuenetik. Une honetan, Agustinetako, Alabergako eta Fanderiako auzokonposta-gune banatan eta Gaztainon, berriz, bitan, ari dira auzoetako hainbat familia euren biohondakinak konpostatzen.

Ingurumen-zinegotziak adierazi duenez, konpostajearen inguruan Udalak duen aholkularitza teknikoak apirila hasieran egindako jarraipen bisitan, konpostagailu batzuetako konposta heldua zegoela ikusi zuten teknikariek eta, hortaz, lehen uzta jasotzeko unea izango dute aurten. Konpost hori berez konpostatzen duten familientzako bada ere (lorategirako edo baratzerako ongarri gisa erabil dezaten) erabilerarik emateko modurik ez badute, Udalari uzteko aukera dutela gaineratu du Jose Cruzek.

Honenbestez, Errenteriako Udalak datorren maiatzaren 7an Konpostaren Festara hurbiltzeko gonbita luzatu nahi die interesa duten herritar guztiei.

Autokonposta eta auzokonposta ekimenei buruzko informazio gehiago http://ingurumena.errenteria.eus atarian aurkitu dezakezu.