Mikromatxismoen aurkako bertso-sorta batekin saria irabazi du Legorburuk

Iñigo Legorburu Iurretako bertso paper lehiaketanAsteburu honetan eman dituzte jakitera XIII.Iurretako literatura lehiaketako irabazleak, eta bertan, helduen bertsopaperen atalean Iñigo Legorburu gailendu da.“Mikromatxismorik ezta ere!!” bertso-sortarekin irabazi du saria Legorburuk. “Gure lurrean hedatua da” doinua erabilita, 8 puntuko 8 bertsoren bidez mikromatxismoaren barrunbeak arakatu ditu egileak. Horrela, ikastetxeetako patioak, parranda-giroa edo lan-mundua hizpide hartuta, mikromatxismoaren erradiografia bat egin du Legorburuk.

Kristina Mardaras bertsolari beteranoarengandik jaso zuen saria: 200 euro, eta bere lana zein Durangaldeko ikasleen beste lan sarituak biltzen dituen liburuaren hainbat ale.

Orotara, narratiba, bertso zein komikietako lan guztiak batuta; 413 lan aurkeztu dira lehiaketara eta bertsopaperen atalean; Bizkaiko bertsozale elkarteko kideak aritu dira epaile lanetan.