Errenteriako Zarata mapa osatzeko bilera izango da asteazkenean

TrafikoaIztieta_22016an Errenteriako Udalak hiriko zarata-mapa burutzeko lanak abiatu zituen. Aipatu lanak osatu eta hiritarren iritziak jaso asmoz, ekainaren 15ean eta 16an,  ikerketa egin duen ACC, Centro de Acústica Aplicada enpresako teknikariek hainbat auzo elkarte eta herritarrekin aztertu ditu emaitzak.

Udaletxean egindako bilera hauetara hurbildu diren pertsonek zarataren inguruko neurketa proposamenak egiteko eta zarataren inguruan duten esperientzia azaltzeko aukera ere izan dute. Jasotako ekarpenek Zarata-maparen idazketa osatzeko baliagarri izango dira, Udalak bere onarpenaren tramitazioari ekin aurretik.

Hurrengo partaidetza saioa asteazkenean

Partaidetza-fase honetako azken bilera ekainaren 29an izango da, 19:00etan, Udaletxeko Udalbatza aretoan. Bilera horretara, herritarrak eta honako auzo elkarteak daude konbidatua: Galtzaraborda, Igantzi, Kaputxinoak eta Alaberga.

Kutsadura akustikoaren inguruan sentsibilizatutako pertsona guztiekin egingo diren saio hauekin, udalerriko hobekuntza akustikorako ekintza-plana burutzeko estrategia definitu nahi du Udalak. Horretarako, herritar eta eragileak azken saio honetan parte hartzeko gonbita luzatu du Udalak.