Bizarain liburutegia zabalik izango da uda guztian

20160608_091713

Bizarain liburutegia zabalik izango da iraialren 2ra arte. Hala adierazi dute gaur goizean Garazi Lopez de Echezarreta zinegotziak eta Mari Jose Pascual Udal Liburutegiko zuzendariak.

2016ko otsailaren bukaera aldera Errenteriako Udalak eta Bizarain Ikastolak hitzarmen bat sinatu zuten. Helburu nagusia, eskolak bere jardunari begira daukan liburutegia Beraungo bizilagun guztiei zabaltzea. Horrekin batera, liburutegi zerbitzuak zabaldu eta berezko programazio bat sortzea izan ziren gure konpromezuak.

Hitzarmen eta elkarlan honek bat egiten du bete betean 2025 urteari begira Errenteriako Udalak duen Plan Estrategikoarekin. Plan honek garrantzi berezia ematen dio kultur zerbitzuak herritarrengana gerturatzeari eta bereziki erdigunetik zerbitzu hauek goiko auzoetara zabaltzeari. Eta lan horretan beste pauso bat eman nahi dugu.

Hitzarmen honen bitartez, orainarte liburutegiak zerbitzu berri hauek eskaini ditu:

LIBURUEN MAILEGUA

  • Udal liburutegiak duen katalogora sarbidea Bizaraingo ordenagailuetatik. Horrekin batera, liburuak mailegatu eta bertan uzteko zerbitzua. Udal liburutegiko liburuen eskaera bertan egin eta 24 ordutan jaso daiteke eskatutako materiala Bizaraingo liburutegian bertan.

PROGRAMAZIOA

  • Hainbat ipuin kontaketa eta irakurketa partekatu egin dira.
  • Bularretik mintzora egitasmoaren inguruan motxilak eta materialak Bizarainen bertan jasotzen dira eta dinamizazio saio desberdinak ere bertan egin dira

Orainarte elkarlan honek izan duen erantzun ona ikusiaz liburutegiak zabalik segi behar duela argi izan dugu eta horregatik uda honetan goizez liburutegia herritar guztientzat zabalik egongo dela adierazi nahi dizuegu.

Uda honetan ere, liburutegi zerbitzuaz gozatu nahi duten bizilagunek ez dute zertan Madalena kalera jaitsi beharko. Horretarako, ekainaren 27tik irailaren 2rarte, astelehenetik ostiralera goizeko 10:00etatik 14:00ak bitartean Bizaraingo liburutegia zabalik egongo da.