Txapeloaz dantzaren hurrengo entsegua ostegunean izango da

Dantza luzea

Uztailaren 21eko Herri Bazkariaren ondoren, herritar guztiekin batera dantza egiteko pieza prestatuko du Jai Batzordeak. Txupinazoa aurretik izango da hori, 18:30ean, Herriko plazan.

Aurten aukeratutakoa Txapeloaz dantza da eta hori ikasteko entseguak, datozen uztailaren 14, 18 eta 20an izango dira, 19:00etan, Niessen balioanitz aretoan (Pilotari kalea).

Jai Batzordeko kideek errenteriar guztiak animatu nahi dituzte ekimen honetan parte hartzera. Gainera, dantza behar den baldintzetan gauzatu ahal izateko kolaborazioa eskatu nahi diete gainontzeko herritarrei, Herriko plaza txukun mantenduz.

Honekin batera, gogorarazi nahi dute, aurten berritasun handi batekin hasiko direla Madalenak. Izan ere, “Holi txupinazoa” antolatu dute. Herriko gazteekin abiatutako parte-hartze prozesu batetik sortu da ideia eta Indian du jatorria. Koloretako hautsak erabilita, kultur aniztasuna, errespetua, tolerantzia eta bizi poza bezalako baloreetan oinarritzen den festa izango da.

 
Hala, txupinazoa bizitzeko aukera ezberdinak izango dituzte herritarrek: 17:30ean, Mila koloreko txupinazo txikia izango da Koldo Mitxelena plazan. Holi festa Gernika plazan hasiko da 18:30ean. Eta txupinaren jaurtiketa zuzenean bizitzeko, Herriko plaza edo Zumardiko pantaila erraldoia izango dira. Zuzenean ere, emango dira irudiak Herri Bizia webgunean.