Konpostaguneetako hurrengo jarraipen-bisitak abuztuaren 30an

KonpostaGuneErrent1Hurrengo asteartean, abuztuak 30, Errenterian kokatutako auzo-konposta egiteko guneetara 5. jarraipen-bisita egingo du Udalak kontratatu duen Izadi 21 aholkularitza-enpresak.

Ikuskaritza-lanak gauzatzen dituen lantaldeko kideak 13:00etan abiatuko dira Fanderiako gunetik eta honakoa izango da ibilbidea: Fanderia, Agustinak, Gaztaino eta Alaberga. Jarraipen-bisita hau erabiltzaileek izan ditzaketen zalantzak eta kezkak argitzeko ere baliatu nahi du lantaldeak. Erabiltzaileren batek ikuskaritzako teknikariarekin hitzordua finkatu nahiko balu, 628 532 248 telefonora deitu edo whatsApp bat bidali dezake, edo bestela ondorengo epostara idatzi, hurrengo astelehena baino lehen: auzokonposta@errenteria.eus.

Oraindik auzo-konposta egiten ez duten eta parte hartzeko interesa duten herritarrek, halaber, goian aipatutako bideak erabil ditzakete Izadi 21 aholkularitza-enpresarekin harremanetan jartzeko.

Ikuskaritza egutegia ezagutzeko edo gaiari buruzko informazio gehiago eskuratzeko, Udalak herritarrak Errenteriako ingurumen atarian sartzera gonbidatzen ditu: http://ingurumena.errenteria.eus/

Bestalde, Izadi 21eko teknikariek etxeko konposta egiten duten herritarrei ere aholkularitza eta laguntza zuzena eskaintzen diete. Autokonposta egiten duten herritarrek zalantzak izanez gero, 628 532 248 telefono zenbakira dei dezakete edo honako posta elektronikora idatz dezakete: etxekonposta@errenteria.eus.

Hondakinen arloko hobari fiskalak

Udalak berriki Zabor Bilketa eta ezabaketa Zerbitzuaren tasak ordaintzeko epea zabaldu du eta, beraien hondakin organikoak bertan kudeatu edo bereizten dituztenek hobariak izango dituzte:

  • etxean sortutako biohondakinak auzo- edo etxe-konpostaren bidez modu egokian kudeatzen dituzten herritarrei %25eko hobaria aplikatu zaie zaborren tasan.
  • beraien hondakin organikoak kaleko edukiontzi marroian uzten dituztenek, berriz, %5eko hobaria eskuratu dute.