Larunbatean nekazaritza ekologikoak bere 2. azoka izango du Errenteriak

Ingurumena | Jasangarritasuna | Kultura | Landa garapena 2016-09-08 | 0

Azoka Ekologikoa_2016Irailaren 10ean, larunbata, Errenteriako Nekazaritza Ekologikoaren II. Azoka ospatuko da Gamon Zumardian. Bertan, Euskal Herriko baserrietako elikagai ekologiko desberdin asko ezagutzeko eta erosteko aukera izango da goizeko 10:00etatik 14:00ak arte.

Nekazaritza ekologikoaren gakoak

Errenteriako Udalak, Behemendik, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Biolur Elkarteak antolatutako azoka honetan, Euskal Herriko leku desberdinetako ekoizleak egongo dira eta modu berean produktu anitz topatuko dugu hauen postuetan. Azokan egongo diren produktu guztiek bi ezaugarri berezi dauzkate: era ekologikoan ekoiztuak eta modu artisau batetan elaboratu direla. Zer esan nahi du honek? Modu laburrean azalduta, natura, animalia eta gizakien osasun eta etorkizuna errespetatzen eta kaltetu gabe ekoiztu direla. Alegia, bere ekoizpen prozesuan ez da produktu kimikorik edo toxikorik erabiltzen, eta eraldaketa transgenikorik gabe sortutako ekoizpenak dira.

Abantailak asko direla aipatu beharra dago. Oraina bizi dugun bitartean etorkizuna zaintzen ari garenetik hasita. Horrelako ekoizpen ekologikoak gure osasunaz gain ingurumena zaintzen dituztelako modu iraunkor eta jasangarri batetan.

Azokara hurbiltzeko arrazoiak

Azoketan ematen den salmentari esker kontsumitzaileak informazioa zuzen-zuzenean jasotzeko aukera edukiko du, bertan egongo bai dira produktu horiek sortu dituzten nekazariak. Hortaz, edozein zalantza argitzeko edo galderak egiteko aukera paregabea du hurbiltzen denak.

Gainera, EH kolektiboa, inguruko kontsumo taldeen eta Biolur Elkarteko informazio postuak ere bertan izango dira: sortutako material didaktikoa, etxeko eta baserriko landare edo abereak zaintzeko liburu interesgarriak… eta elkarrekin lan egiteko aukerak.

Era berean, Errenteriako II. Nekazaritza Ekologikoaren azokan ondorengo ekoizleak izango dira:

– Goiabe (Aia): gozogintza
– Aikur (Urretxu): eztia
– Pikunieta (Antzuola): gazta
– Mireia Segura (Zumaia): haurrentzako arropa ekologikoa
– Goiti (Ezkio-Itsaso): ogia
– Aldaba (Tolosa) ogia, gozogintza, ahuntz- eta behi-gazta
– Telleri-zahar (Hernani): gazta
– Placido Tainta (Falces): baratxuriak
– Ertxiñeko (Aizarna-Zestoa): arrautzak
– Joseba Baez (Idiazabal): behi-gazta
– Maira Errandonea okindegia (Etxalar): ogia
– Itxoste (Soraluze): marmelada, kombucha
– Doniene (Itziar): barazkiak
– Jose Lonbide (Aretxabaleta): barazkiak
– Ibarborda (Unanu): ardi-gazta
– Luz (Peralta): olioa
– Bodegas Mendiko ( Aibar): ardoa
– Tologorri (Urduña): marmelada
– EH kolektiboa (Euskal Herria): informazioa
– Biolur (Gipuzkoa): informazioa

Azoka egunean, produktu ekologikoekin egin daitezkeen zukuen tailerra izango da. Bertan, sukaldariak azokan aurki ahal daitezkeen produktuak hartuko ditu eta beraiekin egin ahal diren zuku ezberdinak prestatuko ditu, jarraian dastatzera emanaz. Era berean, egin daitezkeen zuku ezberdinen inguruko azalpen eta aukerak ere azalduko ditu.

Azken urteetan Biolur Elkarteak udako azoka bereziak antolatzeari ekin dio. Herri desberdinetako udal eta landa garapenerako elkarteekin elkarlanean hainbat azoka antolatu dira, baserritarrak kontsumitzailearengana hurbiltze aldera. Aurten, iazko dinamikari jarraituaz, Errenteriako Nekazaritza Ekologikoaren II. Azoka antolatu da, eta azoka hau urtero antolatzen diren udako azoken zirkuituan egonkortu da. Horren adibide ditugu Zarautz, Donostia, Getxo-Algorta, Zerain, Aretxabaleta, Mungia eta Urretxun egiten diren azokak.

No comments yet.

Utzi erantzuna