Zabalik da Atlantikaldiako bost ekimenetan parte hartzeko izen-ematea

Suikaldian

Aurreko urteetan egin den bezala, Atlantikaldiaren hirugarren edizioan izen-ematea beharko duten ekimenak egongo dira. Orotara bost dira mota horretako jarduerak:

Sukaldian, ”Usain eta zaporeen bidaia” azokan zeinu hizkuntzan egingo den bisita gidatua, Azoka Gyhnkhana, Errenteriako 5 ateen bila eta Errenteria itsas hiria: Errenteriako Erdi Aroko eta Aro Berriko historia. Izen-ematea jaialdiko webgunean egin beharko da. Salbuespen gisan, azken bi jardueretako izen-ematea archivo@errenteria.eus posta helbidean edota 943 44 96 10 telefonora deituta egin behar da.

Plaza mugatuak

Batetik, irailaren 24an egingo den Sukaldian ekimenean parte hartzeko 15 plaza daude elkarte gastronomiko bakoitzean, bost pertsonentzat tailer eta bazkarian eta hamar pertsonentzat bazkarian. Jardueran jatorri desberdinetako platerak egiten ikasteko eta dastatzeko aukera izango da Errenteriako hainbat elkarte gastronomikoetan. Ondoren, tailerrean parte hartu dutenek eta izena eman duten bestelako herritarrek batera bazkalduko dute.

Elkarte gastronomikoek, aldiz, bertako pintxo bat egingo dute, ekintzaren helburua kulturen arteko trukea eta ezagutza gastronomiaren bidez gauzatzea baita. Hauek dira ekimenean parte hartuko duten herrialdeak: Nepal (Niessen elkartea), Ijito Herria (Alkartasuna), Nigeria (Gau Txori), Galizia (Gure Toki), Txina (Euskaldarrak) eta Maroko (Bukagaitz).

Bestetik, Foruen plazan “Usain eta zaporeen bidaia” azokan zeinu hizkuntzan egingo den bisita gidatua, irailaren 24an egingo da goizeko, 11.00etatik 13.00etara.

Bertan, Euskal Herriko, Galiziako, Marokoko, Nigeriako, Kolonbiako, Pakistango eta Txinako elikagai eta bestelako produktuak ezagutzeko eta erosteko aukera izango da. Jardueran parte hartzeko 20 plaza daude.

Horiez gain, Azoka Gynkhana Foru plazan egingo da irailaren 24an arratsaldeko 16:30etik 18:00etara. “Usainen eta zaporeen bidaia” azokako erakusketaren osagarri gisa, taldean, familian edo norbanako gisa parte hartzeko aukera eskaintzen du ekimen honek. Bertan, azoka osatzen duten herrialdeekin harremana izango duten probak burutuko dira eta irabazleak sarituak izango dira.

Guztira zazpi taldek parte hartuko dute gehienez eta taldeak osatzeko gutxieneko kopurua hiru pertsonakoa izango da. Jardueran parte hartzeko 36 plaza daude.

Egun berean, Errenteriako 5 ateen bila ekimena egingo da Herriko plazan, 10:30etik 11:30era. Jarduera 5-12 urte bitarteko umeak dituzten familiei zuzentzen zaie. Herriko gune historikoa ezagutzeko pista jokoak, Erdi Aroko eta Aro Modernoko Errenteriaren eta itsasoaren arteko harreman estua eta euskaldunok munduko itsasoetan zehar izan dugun paperaren eta garrantziaren berri emango da. Parte hartzeko, aurrez izena ematea beharrezkoa izango da archivo@errenteria.eus posta helbidean edota 943 44 96 10 telefonoan.

Azkenik, irailaren 24an 12:00etatik 13:00etara Errenteria itsas hiria: Errenteriako Erdi Aroko eta Aro Berriko historia bisita gidatua eskainiko da Herriko plazan.

Bertan, ondare arkitektonikoak itsas-iraganarekin daukan lotura ezagutu ahal izango da, hala nola_ urez inguratutako hiribildua (padurak Xenpelarren, Zumardian), bost atez harresitua eta itsas merkataritzat hirian izan zuen eragina (beste herrialde batzuekin migrazio erlazioak izatearn ondorio). Era berean, ondarearen balore arkitektonikoa zein artistikoa azpimarratuko da. Parte hartu ahal izateko ezinbestekoa izango da aurrez izena ematea archivo@errenteria.eus posta helbidean edota 943 44 96 10 telefonoan.