Añarbeko herri-mendian ezkutuko ehiztariak izatea salatu du Udalak

EzkutukoTranpaErrenteriako Udalaren Basozaintza Zerbitzuak basurdea edo orkatza bezalako espezieak ezkutuan ehizatzeko legez kanpoko tranpak aurkitu ditu Añarbe erabilera publikoko mendian, Natura 2000 Sarean babestuta dagoen Aiako Harria Parke Naturala eta Kontserbazio Bereziko Eremuaren (KBE) barnean.

Honi lotuta, aurtengo urtearen hasieran Nafarroako Foruzaingoak Oiartzungo hiru ezkutuko ehiztari atxilotu zituen Artikutzako finkan. Baso eremu hori ere Natura 2000 Sarean babesturik dago, Goizuetan aurkitzen da eta Donostiako Udalak du jabetzan.

Bereziki larria da halako gertaerak babestutako eremu batean izatea eta, horrez gain, bereizi gabeko ehiza harrapaketa metodo horiek Añarben berreskuratzen hasi diren mehatxatutako populazioen espeziei ere eragiten diete.

Errenteriako Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Oreka Departamentuari eta Aiako Harriko Parke Naturalaren Kudeaketa Organoari eskaera luzatu die gertaera horiek ikertu eta Parkearen basozaintzak patruila-lanak gehitu ditzatela, era horretan legez kanpoko eta legeak esetsitako jarduera hori are gehiago zaintzeko. Halaber, Udala herriko bi ehiza elkarteekin harremanetan jarriko da, lankidetzan, Errenterian ematen den ezkutuko ehiza behin betirako ezabatzeko.