Aurtengo Eskolako Agenda 21 programari hasiera eman diote, alkateak, ikasleek egindako proposamenei erantzunez

agenda21 luzeaHerriko zazpi ikastetxetako 3.500 ikasle baino gehiagok elikadura jasangarria eta hondakinak aztertu zituzten iazko ikasturtean Eskolako Agenda 21 programaren barruan, eta gaur, ikasturte amaieran Udalari egindako proposamenei erantzun bat eman die Errenteriako alkateak.

Bizarain LH, Bizarain DBHko, Cristobal Gamon, Don Bosco, Koldo Mitxelena BHI, San Jose Gurutzeko Alabak eta Telleri-Alde ikastetxeetako ordezkariak udaletxeko Areto Nagusian elkartu dira Julen Mendoza alkateak eman dizkien azalpenak jasotzeko asmoz.

Ikasleek egindako proposamenen artean, ondorengoak daude: etxeetan soberan geratzen zaigun janaria aprobetxatzeko errezeta bilduma egitea, jangeletako janari soberakinak beharra dutenei ematea, eskoletako jangeletan bertako produktuak erabiltzea, baserritarrei beraien produktuak saltzeko erraztasunak ematea, birziklapen tasa handitzeko kontzientziazio kanpainak egiten jarraitzea, hondakinak prebenitzeko oihalezko poltsak, tuperrak, ur pitxarrak eta abar banatzea, kontsumo taldeei buruzko informazioa zabaltzea, ontzien botilak diru trukean biltzeko makina bereziak jartzea, kaleko edukiontziak ongi mantentzea, herri baratzak ugaritzea eta auzoetan auzokonposta gune gehiago jartzea .

Alkateak aipatu die eskoletako jangeletako ardura Eusko Jaurlaritzaren gain dagoela eta guztien esku dagoela ahalik eta soberakin gutxien sortzea. Azokan, bertako barazkiak saltzen dituzten baserritarren kokapena hobetzeko aukerak aztertzen ari dira. Hondakinen sorrera murrizteko Planean ekintza ugari aurreikusten dira prebentzioari dagokionean eta kanpainak egiten jarraituko dira. Adibidez, laster edukiontzi grisaren ezarpena etorriko da eta herritar eta enpresa guztiek (dendariak, tabernariak…) biohondakina eta errefusa gaika biltzeko betebeharra izango dugu. Errenkoalde herriko merkatarien Elkarteak ere kanpaina desberdinak lantzeko konpromisoa hartu du. Horretaz gain, kaleko zaborrontziak pixkanaka zabaltzeko erabakia hartuta dago. Pilak eta oihalen edukiontzia kopurua handitzearena ere bai.

Udal baratzen inguruan, Arramendiko baratze parkeko kudeaketa erabat finkatzen denean, Udal Baratza kopurua handitzea aztertuko da. Eta auzokonpostari dagokionean, momentuz martxan dauden guneen jarraipen zuzena egiten jarraituko da, erabiltzaileei laguntza teknikoa emanez.

Azkenik, saioa amaitzeko, aurtengo ikasturtean landuko den gaiaren inguruko aurrerapen labur bat eskaini zaie bertan egondako guztiei: Mugikortasun Jasangarria.