Ostegunean abiatuko da Errenteria Film Laburren Jaialdia

Film Laburren Jaialdia

Errenteria Film Laburren Jaialdiak azaroaren 10etik 13ra ospatuko du, aurten, bere 21. edizioa. Ion Collar Kultura zinegotziak eta Laura Landa Kultura teknikariak eman dituzte prentsa aurrean xehetasun guztiak.

Inoiz baino lan gehiago aurkeztu dituzte jaialdira: guztira 310. Kultura saileko ordezkariek adierazi dutenez, jaialdiaren berrikuntza batekin lotuta dagoen zifra da honakoa; izan ere, Clickforfestivals plataforma digitalaren bitartez aurkeztu behar izan dituzte lanak zuzendariek. Honek asko erraztu ditu bai jaialdiaren hedapena eta baita filmak bidaltzeko modua ere.

Horietatik 34 dira lehiaketa fasera iritsi direnak eta jokoan dauden 10 sarietako bat eskuratzeko aukera izango dutenak, beraz.

Hauek, eta Atlantikaldiaren baitan antolatutako “3, 2, 1… Atlantikaldian grabatzen” bideo espres lehiaketara aurkeztutako lanak ere, hilaren 10, 11 eta 12an proiektatuko dituzte Niessen zinemetan, 19:00etan.

Sari banaketa ekitaldia, berriz, Niessen Kulturguneko auditorioan izango da, igandean, hilak 13, 18:00etan. Irabazle suertatu diren lanak ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnek eta ondoren, luncha izango da.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, bertan, film onenak saritzeaz gain, berezia den beste aipamen bat ere egingo dute: Txema Muñozek, ibilbide profesionalari ohorezko saria jasoko du.

Saritutako lanak hautatzearen ardura Ion Collar Kultura zinegotziak, Laura Landa Kultura teknikariak, Arrate Rodriguez ilustratzaileak, Menó Martin zinegileak eta Andoni Agirregomezkorta aktoreak izan dute.

Proiekzioetarako sarrera eta baita sari banaketarakoa ere doakoa da eta hiritar guztiei irekia.

Bestalde, azaldu dute, jaialdiarekin batera, Quequé aktore ezagunaren “Malditas canciones” bakarrizketa saioa izango dela Niessen Kulturgunean, larunbatean, 22:30ean. Sarrerak salgai dira dagoeneko, 10 euroan.
Jaialdiaren irudia
Collarrek eta Landak jaialdiaren irudia aurkezteko ere baliatu dute momentua.

Kartela Gurutz Oiarzabal eta Lorena Oteroren elkarlanetik sortutako proposamena da. Izan ere, proposamen hori izan da Film Laburren Jaialdiko I. Kartel Lehiaketan irabazle suertatu dena.

Bukatzeko, herritar guztiak gonbidatu dituzte 4 egun horietan zinemaz gozatzera.