Auzolanean ari diren eskualdeko egitasmoak ikusgarri egiteko tresna aurkeztu dute

Gure kulturaren oinarri diren Auzolana eta Herrigintza Oarsoaldean bultzatzeko asmoz, Oarsoaldea Garapen Agentziaren eta herritarren artean IN–FUSIOAK egitasmoa jarri da martxan. Jexux Leonetek, Oarsoaldearen lehendakaria eta Oiartzungo alkateak denak adierazi duenez, Foru Aldundiko partaidetzazko aurrekontuen dinamiketan jaiotako ideia da eta auzolana suspertzea du helburu, eskualdeko elkarte eta eragileak saretuz.

Auzolana gure kulturaren ekiteko, antolatzeko eta autoeratzeko espresio nagusia da, antzinako garaietatik herri partaidetzarekin lotutakoa. Gaur egungo gizartean bolondreski aritzen direnetaz arituko ginateke auzolana adierazterakoan. Hau da, eskualdean ditugun elkarte, pertsona eta eragile oro har, gizartea hobetzearren lanean dihardutenak beraien jakintza, esfortzua eta denbora guztion onurarako jarriaz.

Egitasmoaren kudeaketa jaiotzatik herritarren partaidetzan datza, horrela IN-FUSIOAK izena eman genion herritarrekin antolatutako elkarrizketa, solasaldi, saio eta topaketei. Pertsonen arteko elkarlana, gaitasun sortzailea, amets, desio, gogo eta beharren fusioaren adierazle.

Bi saio egin ziren udaberrian pertsona ezberdinen esperientzi eta ikaskuntzak entzun eta partekatzeko helburuarekin. Horietan, solasean eta sorkuntzan arituaz, elkarkidetzan burutzen diren jarduerak sustatzeko sorkuntza kolektibotik ideia bat sortu zen.

Bi topaketa horietan auzolanean aditu eta arituak diren herritarrek baliagarriak ziren hainbat hausnarketa egin zituzten, besteak beste: auzolana baino auzo emanaz hitz egingo genuke, eskualdearentzat auzoetxe mugikor bat eraikitzea edota bolondres sare bat sortu eta hurkoari hurbiltzeko ausardia irabaztea. Honela, guztion artean aurrera eramandako dinamika performatibo batekin sortutako ideia finala “AuzoEmana, Auzoetxe Mugikorra” izan zen. Herriz herri auzolanean egindako ekintzetan kokatuko den gune horrek esperientziak partekatu, harremanak eraiki, sendotu, saretu…., eta Auzolan kultura sustatzeko ekimenak jasoko lituzke.

Ideia horren hazitik garatu da PLASMA – Plaza Sortzaile Mugikorra, auzolanean ari diren eskualdeko egitasmoak ikusgarri egiteko tresna. Non auzolana, han PLASMA, auzolanerako gogo eta ohiturak indartzeko, esperientziak proposatzeko eta egitasmoak ezagutu, partekatu eta saretzeko gune fisikoa zein birtuala.

Osagarri diren tramankulua eta web gunea dira, hau da, egurrezko egitura modular mugikorra eta aldakorra non auzolaneko esperientziak eta egitasmoak partekatzeko plataforma digitala erabiltzerik dugun. Auzolana oinarri duten egitasmoen informazioa eta ezagutza konpartitu eta zabaltzeko, eta auzolanaren inguruan dabiltzan eskualdeko herritar eta elkarteak saretzeko.

PLASMA tresnaren aurkezpena gaur izan da, azaroak 25, Errenteriako Torrekua eraikinean, goizeko 10:00etan. IN–FUSIOAKeko partaideez gain, Foru Aldundiko, eskualdeko udaletxeetako eta Oarsoaldea Garapen Elkarteko ordezkariak izango dira bertan; Domi Azpiroz –Oiartzungo zinegotzia-; Jose Angel Sanchez –Lezoko zinegotzia eta Oarsoaldearen kontseilaria-; Eñaut Gracia –Errenteriako zinegotzia-; Gipuzkoako Foru Aldundiko Jose Ignacio Eleizegi eta Sergio Gonzalez Miguel, Herritarren Partaidetzarako Zerbitzutik/Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioa; Xabier Sanchez, Oarsoaldeako Hiri-berriztapen Sailaren zuzendaria eta PLASMA proiektuaren arduraduna; Oskar Gesteira, Shareweb enpresako ordezkaria (tresna digitalaren sortzaileak); Ixiar Garcia (Pinkgorilla enpresatik, IN-FUSIOAK saioak dinamizatzen dituena), besteak beste.

Domi Azpirozek azpimarratu duenez, “IN-FUSIOekin herritarrak eta bereziki gazteak, gizartearen onurarako egiten dituzten ekintzak ikusgarri egin nahi ditugu, merezi duten oiartzuna izan dezaten eta eragileen arteko harremanak eraikitzeko, elkarlanean aritzeko esparruak sortzeko eta herritarren eta bereziki gazteen parte hartzea erraztuko duten guneak sortzeko”.

IN-FUSIOAK egitasmoan parte hartzeko gonbita Auzolana eta Herrigintza Oarsoaldeko eskualdean suspertzeko interesa duen guztiari luzatzen zaio. Prozesuan parte hartu nahi baduzu jarri harremanetan gurekin: 943 34 41 60 / 608 318 794  deituta edo idatzi

xsanchez@oarsoaldea.eus helbidera.

www.plasma.eus