2017rako aurrekontuak aurkeztu ditu Udalak

aurrekontuak 2017Errenteriako Udalak prest ditu hurrengo urterako aurrekontuak. Hilabete honetako udalbatzan onartuko dira aurrekontuak. Irisgarritasunean (Alabergako igogailuetan) izango da inbertsiorik handiena; eta kultura ardatz izango dute aurrekontuek, horren erakusgarri, Beraunko Kultur etxea. Emakumeen etxearen eraikuntzak ere garrantzia handia izango du. Bestalde, auzo batzarretan egindako proposamenak ere (garbiketa, errepideen txukunketa eta SAC zerbitzua) aintzat hartuko dira. Aurreko urtetan bezala, aurrekontu zuhurrak izango dira hurrengo urtekoak, zorpetzea handitu ez dadin.

Hemen, gaurko prentsaurrekoa, osorik; eta, segidan, aurrekontuen azalpena:

Krisia ez da guztiz eten, eta nazioartean ere ez du itxaropen handirik pizten, zalantza baizik. Hori dela-eta, zuhurtzia dugu aurten ere aurrekontuak prestatzeko irizpide nagusia. Aipatutako testuinguruaren adibide da Foru Aldundiari itzuli beharko dizkiogula 382.000 € Foru Fondotik diru-bilketa jaitsi delako, edo urtean zehar 190.000 € gehitu behar izan ditugula larrialdiko beharrak dituztenei arreta emateko partidan.

Baina krisia hasi zenetik urteak pasa diren moduan, 2013an 2025 Plan Estrategikoarekin egin genuen apustua ere urtez urte bere ibilbidea egiten ari da. Izan ere, plan horren zati handi bat gauzatu dugu, baina oraindik ere plan horixe aurrekontuen ardatz nagusia da. Plan Estrategikoa betetzeko apustu horrekin bat egiten du aurrez herritarren arretarako zerbitzua hobetzeko hasitakoak, eta azken hori beste magnitude batekoa izan arren, kontuan izan beharreko funtsezko elementua da, kudeaketa berrantolatzea ere suposatzen baitu gardentasuna, kalitatea, eraginkortasuna eta efizientzia hobetzeko zerbitzuak emate moduari dagokionez. Izan ere, antolamendu berri horri esker koordinazioan aldaketak izango dira eta Herritarren Arretarako Zerbitzua abian jarriko da.

Prestaketa eta parte-hartzea

Ziurrenik aurrekontu hauen ezaugarri nagusietakoa da 2025 Plan Estrategikoko proiektuak gauzatzea dutela xede. Hala ere, azpimarratu behar dugu egungo aurrekontuak idazteko kontuan hartu direla auzo-batzarretan jasotako eskaerak eta herriko elkarteek adierazi dizkiguten kezkak. Ekarpen hauek bikainak dira herriaren iritziaren diagnostikoa egiteko. Horrez gain, beharrak nahiz ezustekoan sortzen diren eta gerorako utzi ezin diren beharrak.

2017ko aurrekontuko sarrerak eta gastuak

Sarrerak:

Sarrerak kalkulatzeko oinarri hartu da 2015eko likidazioa. Gipuzkoako Foru Aldundiak 2017rako egindako sarrera-aurreikuspenari kendu dizkiogu 200.000 €, zuhurtziagatik, behin betiko datuak eskuartean izan arte.

Ordenantza Fiskaletan, Gobernuak, jakitun izanik familiak zenbateko ahalegina egiten ari diren krisialdi luze honi aurre egiteko, aurten ere , salbuespen gutxi batzuekin, izoztu egin ditu. Salbuespen horien artean azpimarratzekoa da % 25eko hobaria ezarri dugula hondakinak biltzearen gaineko tasan hondakin organikoak birziklatzeko programan parte hartzen duten familia arduratsuentzat, hobari horrekin tasa 2011. urteko tasaren azpitik geratuko baita.

Gastuak:

Aurrekontua kontsolidatua 60.174.384 eurokoa da, alegia. Gure ustez, ekarpen oso positiboa izango da gure herria garatzeko eta eraldatzeko. Langile-gastuak 740.000 € igo dira zerbitzuak hobeto emateko eta, zehazki, azpimarratu behar da gobernu-taldeak Herritarren Arretarako Zerbitzua (HAZ) abian jartzearen nahiz Mantenimendua eta Gizarte Zerbitzuak arloak indartzearen alde egiten duen apustua.

500.000 € gehitu dira bideen garbiketa eta hondakinen bilketa hobetu delako.

Oraindik ere apustua da gizarte-babesa mantentzea, orain arte bezalaxe, gizarte kohesionatuaren elementu eragile izan dadin. 1.066.000 € sartu dira gizarte-larrialdiko laguntzetarako (2011n 100.000 euro inguru soilik inbertitzen ziren), Eusko Jaurlaritzaren irizpideekin estaltzen ez diren espazio eta zenbatekoetara iristeko, nahiz eta haren eskumenekoa izan gaia. Babes sozialeko, garapen sozio-ekonomikoko eta enplegua sortzeko politiken alde egiten jarraitzen dugu eta, ondorioz, ahal den neurrian krisiaren eragina arintzeko, 500.000 euroko partida onartu dugu Enplegu-planetarako.

Irisgarritasunaren inguruko inbertsioei dagokienez, azpimarratu behar da Alaberga behea goiarekin eta Kaputxinoak auzoarekin lotzen dituen igogailuaren bigarren fasea, 1.004.733 euroko partidarekin. Irisgarritasunaren aldeko apustua argia da baita ere Alabergako bidegorriaren zatia zabaltzean; horretarako 153.000 euroko partida bat sortu da, bidegorriak sustatzeko plan estrategikoan txertatutako ideiari jarraipena ematearren, bidegorriak kirol anitzeko espazio lineal eta integratzaile baitira.

Halaber, 200.000 € inbertituko dira kaleak asfaltatzeko, eta markesina berriak jartzen jarraitzera bideratuko ditugu 20.000€.

Kultura sustatzen jarraitzen dugu, gizartea eta aniztasuna garatzeko tresna izateaz gain, eragile ekonomikoa ere badelako. 544.000 euroko partida bat sartu dugu Beraungo kultura-etxea/liburutegia egiteko. Kultura eta merkataritza sustatzeari dagokionez, aipatu behar dugu Atlantikaldiaren aldeko apustua egiten dugula. Aldi berean, ikastetxeak hobetzen jarraitzen dugu, eta aurten 240.000 € jarri ditugu inbertsioetarako eta mantenurako. 90.000 euroko partida bat ere jarri da Fanderiako errotan errekaren interpretazio-zentro bat egiteko.

Azpimarratzekoa da 600.000 euroko partida bat bideratuko dela Onbide esparrua berrurbanizatzera ─aurreikusten da bertan egitea Emakumeen etxea─. Gazte-ekipamenduetako obretan inbertsioak egingo dira, Kaputxinoetan 12.000 € eta Agustinetan 57.000 €; 200.000 euroko partida bat egongo da gazteentzako etxebizitzen bloke baten proiektua burutzeko. Euskararen aldeko ekarpenari dagokionez, nabarmentzekoa da 71.000 € bideratzen direla OARSOALDEAko kanpainetara, 20.000 € langabetuentzako programarako diru-laguntzetarako eta 70.000 € euskara ikasten dutenentzako beketarako.

Iraunkortasunaren alde egiten jarraitzen dugu eta horren adibide da ingurune osasungarri eta erakargarriagoaren aldeko Europako alkateen erabakia sinatu dugula. Asmo hori gauzatzeko hainbat inbertsio egin ditugu klima-aldaketaren inguruko erabakiekin bat egiteko. Zehazki, 135.000 € inbertituko dira sare elektrikoa berritzeko eta 65.000 € mendi eta erreketan biodibertsitatea lehengoratzeko, eta beste 25.000 € Oiartzun ibaiaren paisaiaren gaineko ekintza-planean. Jarraipena eman zaio bide publikoen sarea hobetzeko apustuari ere, 30.000 eurorekin, eta kontsumoak murrizten eta energia-eraginkortasuna hobetzen jarraitzen dugu, 280.000 eurorekin. Bestalde, eta EIEP burutzeko, alegia, klima-aldaketaren ondorioak arintzeko, 91.000 € inbertituko dira. Hondakinak prebenitzeko jarduerei dagokienez, berriz, 200.000 € inbertituko dira.

Horrez gain, hamar urteko epean eskuz irakurtzeko kontagailu guztiak aldatuko dira, eta irrati bidezko irakurketakoak jarriko dira, ur-galerak eta matxurak lehenbailehen antzeman ahal izateko; 5.300 kontagailu horiek Udalak kudeatuko ditu.

Bestalde, saneamendu-sareko ekintzekin jarraituko dugu; prebentzioko ekintzen bidez, aurreikusten da 2017ko ekainean abian jarri ahal izango dela 320.000 euroko inbertsioa suposatu duen ekipo-xurgatzailea; sarea hobetzeko inbertsioetarako 60.000 € jarri dira, sarerako isuriak saihesteko; eta gainezkabideak mantentzeko inbertsioak egingo dira sentsore digitalak jartzeko gainezkabideen egoera eta isuritako emaria kontrolatzeko.

Hala eta guztiz ere, esan behar dugu berandutze-interesak nabarmen jaitsi direla, Udalaren zorra gutxitu delako eta euriborraren erreferentzia-tasa baxu dagoelako. Horrela, 2015ean aurrekontua bazen 453.000 euro, 2016an izan zen 276.000, eta, 2017an, 266.000 €. Maileguari dagokionez, irizpide berari eusten diogu, alegia, maileguei amortizazioen azpitik eusteari; hartara, pixkanaka zorra gutxitzen ari gara.